Bermeoko bonoa kanpaina «arrakastatsutzat» jo dute
Udalak 2.500 bonu atera zituen, eta egun gutxian guztiak agortu zirela nabarmendu du Irune Ormaetxeak. Datorren urtean ere bonu kanpaina egiteko asmoa agertu duteBermeoko merkataritza eta tokiko kontsumoa sustatzeko egindako Bermeoko bonoa kanpaina arr...
Udalak 2.500 bonu atera zituen, eta egun gutxian guztiak agortu zirela nabarmendu du Irune Ormaetxeak. Datorren urtean ere bonu kanpaina egiteko asmoa agertu dute
Bermeoko merkataritza eta tokiko kontsumoa sustatzeko egindako Bermeoko bonoa kanpaina arrakastatsua izan dela eta helburuak bete dituela nabarmendu du Irune Ormaetxea Bermeoko Garapen eta Turismo zinegotziak.Ormaetxeak gogoratu duenez, kanpaina maiatzaren 2an abiarazi zuten. Bonuak eskaintzen hasi eta sei egunera, udalak ateratako 1.500 bonuak agortu zirela aipatu du. Harrera ona dela eta, udalak beste 1.000 bonu ateratzea erabaki zuen, eta horiek ere hiru egunetan agortu ziren.
Bezeroek maiatzaren 26ra arte erabili ahal izan dituzte bonuak, eta kanpaina bukatuta, parte hartu duten negozioek bonuak entregatu dituzte ordainketa egiteko. Jasotako datuen arabera, kanpaina horren bidez, ia 61.000 euro mugitu dira guztira establezimendu parte hartzaileetan eta hamazortzi bonu entregatu gabe geratu dira.
Ormaetxeak azaldu duenez, kanpainaren kostua udalarentzat 13.651,24 eurokoa izan da: 12.500 euro bonuen diru laguntzarako erabili dituzte eta gainerakoa zerbitzuak, materialak edo banaketak kudeatzeko. Establezimendu guztiek jaso dute bonuen dirua.
Bonuekin erosketa gehien egin den sektorea modarena izan da; ondoren, altzairuak eta dekorazioa eta zapata dendak. Urdaitegietan, fruta dendetan eta arte grafikoen sektorean erabili dira gutxien.
Tokiko kontsumoaren alde
Udala eta parte hartu duten komertzioen arduradunak «pozik» azaldu dira, eta emaitzak «onak» izan direla nabarmendu dute. Udalaren lehentasuna «tokiko kontsumoaren alde egitea» dela azpimarratu du Ormaetxeak: «Bermeoko merkataritza sustatzen du, eta udalarentzako apustu garrantzitsua da hori, herriko merkataritzak bizitasuna, garapena, enplegua eta bestelako onurak ematen dizkiolako Bermeori.
Kanpainan egindako kudeaketa ona izan dela aipatu dute arduradunek, eta datorren urtean ere kanpaina martxan jartzeko asmoa azaldu dute.
Kanpainaren balorazioa egiteko, Nere Mintegi Behargintzako zuzendaria, Karmele Sanchez proiektuaren dinamizatzailea eta Amaia Bustinza eta Bihotza Navarro komertzioen ordezkariak egon dira Ormaetxeagaz batera.