Bermeoko mugak berrestera
Busturialdeko kostaldeko hainbat herrirentzat hain garrantzitsua den eguna datorkigu. Madalen egunak denentzako ospakizunez betetako jaia dakar.Izaro irlaren jabetza berrestera hurbilduko dira bermeotarrak domekan, Madalen egunean. Urtero modura, aurte...
Busturialdeko kostaldeko hainbat herrirentzat hain garrantzitsua den eguna datorkigu. Madalen egunak denentzako ospakizunez betetako jaia dakar.
Izaro irlaren jabetza berrestera hurbilduko dira bermeotarrak domekan, Madalen egunean. Urtero modura, aurten ere kolorez eta festa giroz beteko dira Izaro inguruko urak, bai eta Bermeo, Elantxobe eta Mundaka ere. Hiru herri horiek izango dira egun berezi horren protagonista nagusiak.Bermeotarrek gogotsu emango diete hasiera madalenei, bezpera egunean Baztarre kaleko jaiak ospatuko baitituzte. Goizean goiz hasita, egun osoan hainbat jarduera eta ekitaldi prestatuko dituzte, bezpera ospatzea ere «tradizioa» dela aldarrikatzen dute eta.
«Ume, gazte eta nagusientzako» era guztietako denborapasak egongo dira: kaleko jaiei hasiera emateko, txikienentzako txokolate jana egongo da, tripa bapo beteta eguna ondo hasteko. Ondoren, horiei zuzendutako txotxongiloen ikuskizuna egingo dute, El Tenderete taldeak antolatuta eta ipuin kontalari baten istorioak entzunez gozatzeko aukera edukiko dute.
Horrez gain, Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatutako XII. Madalen bezperako bazkaria egingo dute auzotarrek, Bermeoko Kafe Antzokian. Bazkariaren ostean etengabeko jaia hasteko unea helduko da bermeotarrentzat, eta arratsaldean zein gauean, musikak berebiziko protagonismoa hartuko du Baztarre auzoan.
Arratsaldean doinu tradizionalek hartuko dute Bermeo, Kankinkabara Txistu Taldearen kalejiragaz. Ekitaldia amaitzean, Bermeotar fanfarreak 40. urteurrena ospatzeko ikuskizun berezia eskainiko du Baztarren, eta bertan, balsak, boleroak edota pasodobleak dantzatu ahalko dituzte auzora doazenek.
Musika, Beleza Malandran
Musikagaz jarraituz, Beleza Malandran ere kontzertuak emango dituzte; horien artean, The Cheeky Bastards talde britainiarrak. Errebelazio banda horren parte da Josebaitor Luzarraga bermeotarra. Indie, garage, rock estiloak lantzen dituen banda da, eta Erresuma Batuan arrakasta handia izaten ari da. Joe Luzaren ahotsak aho zabalik utzi ditu entzuleak. Bihar, Bermeo animatzera etorriko dira Luza eta gainontzeko taldekideak, eta horien lehen diskoko musika entzun ahalko du eguerdian Beleza Malandrara doanak.
Madalen eguna ere denborarik galdu gabe hasiko dute bermeotarrek. Kankinkabarakoen txistuen doinekin izartuko dira herritarrak, eta horiek Udalbatzarengana gidatuko dituzte Bermeoko bizilagunak, Goiko Plazara. Eguerdia baino lehenago batuko dira udal ordezkariak, eta Alkate Soinua entzun ondoren, txistulariekin batera porturantz jaitsiko dira Etxebarria Tar Kresentzitik, San Migeleko eskilaretatik eta Lameratik igarota, Madalen zortzikoa jo ostean.
Eguerdian abiatuko da itsas prozesioa Izarorantz, eta uhartean ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu ostean, Idurre Bidegurenek teila itsasora botako du, uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazteko. Teila Juanjo Bereziartua bermeotarrak margotutakoa izango da; Izaro irla irudikatu du egileak, «bermeotarrentzat duen garrantziagatik».
Elantxobera abiatuko dira ondoren, eta bertan, herriko alkateak herriko makila emango dio Bermeoko alkateari ordu batzuetarako. Ohikoa denez, plazan, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketa egingo dute. Arratsaldean, herrira bueltan, Mundakan egingo dute geldialdia. Txistulariekin eta aurreskuagaz harrera egingo diote udalbatzari portuan. Bermeora bueltatuko dira ostean, herritarrekin batera festan jarraitzeko.
Mendatan ere, madalenak
Kostako herrietan ez ezik, Mendatan ere madalenak ospatuko dituzte. Bihar arratsaldean mus txapelketa egingo dute, eta iluntzean, bakailao janagaz batera erromeriaz gozatuko dute. Madalen eguna mezagaz hasiko dute, eta jaiei bukaera emateko, berriz, su festaz gozatuko dute, kanpaien hotsagaz batera.