Kosnoagan igerilari gehiago sartzeko probak egin dituzte
Azken asteotan, Gernika-Lumoko Kosnoaga Igeriketa Taldean sartzeko probak egin dituzte Santanape Kiroldegiko igerilekuan. Taldean sartzeko ezinbesteko baldintza igeri egiten jakitea denez, kiroldegiko ikastaroetako umeei egin die deialdia, euren monito...
31 umek egin dituzte sarrera probak. Kosnoagako entrenatzaileen begiradapean egin dituzte agindutako ariketak. Alabaina, leku falta dela eta, 16 ume baino ezin izan dituzte hartu. «Kosnoaga da igeriketa egiteko aukera eskaintzen duen Gernikako talde bakarra, eta ume guztiak hartzeko jarrera dugu, gernikar bakar bat bera ere ez dugulako igeri egin barik utzi gura». Halere, igerileku bakarra egoteak oso aukera murritzak ematen dizkietela azaldu dute, sei kale daudelako: «Igerilekua gainezka dago, eta ez gara sartzen. Zinez sentitzen dugu, baina ez dago gure esku. Kosnoaga lanean ari da igerilekuaren arazoari irtenbidea eman guran, baina ez da egoeraren erantzule. Ulertzen dugu kanpoan geratu diren ume zein gurasoen frustrazio-sentsazioa, eta umeak animatu nahi ditugu igeri egiten jarraitzeko».
Kiroldegiko igeriketa monitoreen laguntza eskertu dute Kosnoagako kideek. Urtez urte, haien lanak, profesionaltasunak eta jarrera positiboak igeriketari beharrezko bultzada ematen diotela azpimarratu dute.
90 bat igerilari daude Kosnoagan, eta euren arteko giro onagaz, gogor entrenatzen dute ikasturte osoan. Hala egindako lanak askotariko sariak ematen dizkiete. Gogobetetze pertsonala da garrantzitsuena, baina euren lana txapelketetan ere islatzen da. Bizkaiko zein Euskadiko Txapelketak lehiatu dituzte, eta Aimar Ondarza, Irati Bengoetxea eta Ane Obieta alebinek Espainako Txapelketan lehiatuko dute asteburuan, Sabadellen (Herrialde Katalanak).
Hurrengo asteburuan, berriz, Madrilen jokatuko dute txikien mailako Espainiako Txapelketa, eta bertan egongo dira Garazi Bengoetxea, Maialen Foruria eta Iraia Arambarri.
Uztailean buru-belarri aritu dira igerilekuan txapelketa prestatzen, eta proba horiekin amaituko dute denboraldia.