Helmugakeko kideen abentura
Helmugak EuSport proiektuko kideek Canada BC Bike Race lasterketa egin dute. Bidaiatik hasita, abentura izan da nagusi. Proba ondo egin dutela diote, eta Vancouverreko euskaldunekin batzeko aukera ere eduki dute.Pozik. Horrelantxerik ailegatu dira Helm...
Helmugak EuSport proiektuko kideek Canada BC Bike Race lasterketa egin dute. Bidaiatik hasita, abentura izan da nagusi. Proba ondo egin dutela diote, eta Vancouverreko euskaldunekin batzeko aukera ere eduki dute.
Pozik. Horrelantxerik ailegatu dira Helmugak proiektuko kideak Canada BC Bike Race probatik. Uztailaren 7an hasi zuten lasterketa, abentura, baina, bi egun lehenago hasi zen, eta nola hasi, gainera.Uztailaren 5 goizean goiz hartu behar zuten hegazkina Loiuko aireportuan. Eta abentura hantxe bertan hasi zen. Izan ere, hegazkinaren matxura bat tarteko, hegaldia atzeratu zieten, eta Frankfurtera (Alemania) uste baino beranduago ailegatu ziren. Zehatz esateko, Vancouverrera (Kanada) zihoan hegazkina atera eta hogei minutura ailegatu ziren.
Baina zortekoak izan ziren. Eta horretan zerikusi handia eduki zuen Tomas Ugarteburuk urte askoan Vancouverren bizi da, baina jaiotzez Berriatuko Milloi auzokoa da. «Esker bereziak eman nahi dizkiogu. Ez genuen elkar ezagutzen, eta gertaera izan da beragaz kontaktuan jartzea. Bera ez balitz egon, ezinezkoa zatekeen garaiz ailegatzea», dio Ander Txakartegik Helmugak proiektuko kideak.
Txakartegigaz batera ondokoek parte hartu dute Helmugaken azken abenturan: Xabat Arrate (Markina-Xemein), Iban Amias (Ispaster), Oier Aurrekoetxea (Bermeo) eta Joseba Albisua (Zumarraga).
Ikusirik garaiz ez zirela ailegatuko, Ugarteburugaz jarri ziren kontaktuan. «Tomasi esan genion egiaztapena egiteko ez ginela garaiz ailegatuko. Hark esan zigun lasai egoteko, bera joango zela antolatzaileengana. Esan eta egin. Antolatzaileei gure abenturaren berri eman eta hark konpondu zigun dena».
Vancouverrera ailegatuta, Ugarteburu bera eduki zuten zain Helmugakeko kideek. «Teo Ruiz izeneko bategaz zegoen gure zain. Lur orotako ibilgailu batean sartu eta ziztu bisian egiaztapenak egiteko lekura eraman gintuzten». Han autobus bat hartu behar zuten, eta autobusak proba hasteakoa zen lekura eramango zituen itsasontzira eraman behar zituen. Bada, bost kirolariak azken autobusera aile- gatu ziren, Ugartebururi eta Ruizi esker.
Bidaiaren abentura pasata, proba egiteko prest zeuden bostak. «Lasterketa bera nahikoa ondo egin dugu. Oso teknikoa izan da. Guztiok nahikoa batera joan gara, eta ondo pasatu dugu». Dena dela, etapa bat amaitu eta beste hasi behar zen lekura arte joatea ere nekagarria izan dela esan dute. «Etapa bat amaitzen genuen, eta gero lekuz aldatzen gintuzten, autobusez edo dena delako garraioan. Lekualdaketa egiteko kilometro asko egin ditugu, eta horrek ere nekatu egiten du».
Dena ondo-ondo antolatuta egon dela esan dute. «Antolatzaileak oso ondo portatu dira. Dena eskura eman digute, eta ondo zainduta egon gara. Gero, beste proba batzuetan ez modura, hemen, leku bakoitzean talde antolatzaile bat zegoen. Sare bat moduan zeukaten antolatuta. Eta horrek ondo funtzionatu du».
Etapak egin hala, Ugarteburuk jarraipen berezia egin die bost euskaldunei. «Ugarteburu beti egon da gugaz arduratuta. Eta zenbait etapa amaitzean guregana etorri eta gugaz osteratxoa egitera etortzen zen. Hala, bere etxea erakutsi, lehen zertan lan egiten zuen kontatu eta abar egin du gugaz». Nolabait esateko, Ugarteburugaz Vancouver inguruetan bisita gidatuak egiteko aukera eduki dute Helmugakeko kideek.
Etapa batzuetan erorikoak eduki dituztela esan dute, baina ez dute aparteko zauririk eduki. «Ibilbidea oso teknikoa izan denez, kontu handiz ibili behar izan gara, batez ere, sustraiekin. Ibilbidean harria eta sustraiak eduki ditugu, eta sustraiekin kontuz ibili behar da, batzuetan irrist egin ahal genuen eta». Paisaiak, baina, ametsetakoak zirela esan dute. «Sekulako basoetan ibili gara, ederrak benetan!».
Kanadan mendiko bizikletagaz ibiltzeko ohitura handia dagoela ikusi dute. «Jendea basoan agertzen zen, gu animatzen».
Lasterketa oso gogorra izango zelan esan zieten, eta diotenez, hori buruan zeukatenez, ez zaie hain gogorra egin.
Euskaldunekin batuta
Azken etapa eginda, Vancouverren bizi diren euskaldunen topaketara ailegatu ziren. «50 euskaldun inguru batu ziren, Ugarteburu ere tartean zegoen. Eurekin berba egin, marmitakoa eta txorizoa jan… Gustura egon ginen». Topaketa horretan lekeitiar bat eta ondarrutar bat ere egon ziren.
Abentura guztia bideoan jaso dute Helmugakeko kideek. Eta datorren ikasturtean proiekzioak eskainiko dituzte batean zein bestean.
Mongolian eta Kanadan ibili eta gero, proiektuak ez dauka etenik. Eta oraindik hurrengo helmuga zein izango den zehaztu barik badaukate ere, Helmugakek bizirik darrai.