'Los 4 gigantes' film labur dokumentala zuzendu du Ibarrak
Vianako lau erraldoi berriei buruzkoa da Arantza Ibarraren azken lana. Kaiet Bengoetxea marrazkilari ondarrutarrak ere proiektuan parte hartu duVianako (Nafarroa) Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren enkarguz, Los 4 gigantes film labur dokumentala z...
Vianako lau erraldoi berriei buruzkoa da Arantza Ibarraren azken lana. Kaiet Bengoetxea marrazkilari ondarrutarrak ere proiektuan parte hartu du
Vianako (Nafarroa) Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren enkarguz, Los 4 gigantes film labur dokumentala zuzendu du Arantza Ibarra ondarrutarrak. «Lau erraldoi berri sortu dituzte, Cesar Borgia, Carlota de Albret, Sancho VII. Azkarra eta Constanza de Tolosa pertsonaia historikoen erraldoiak, eta horien prozesua jasotzeko dokumental bat egiteko eskatu zidaten».23 minutu eta erdiko dokumentalean, gainera, marrazki batzuk ere txertatu ditu Ibarrak, eta lan hori Kaiet Bengoetxea marrazkilari ondarrutarraren esku geratu da. «Erraldoi horien istorioa erakusteko marrazkiak egokiak zirela iruditu zitzaidan, eta Kaietek lau pertsonaia horiei buruzko hiruzpalau marrazki egin ditu».
Dokumentalean, oro har, erraldoien sortze prozesua jaso du Ibarrak. «Lau pertsonaiak zelan egin dituzten jasotzeaz gain, konpartsako lau kideren, Telarañas historiazalearen eta erraldoiak egiten aritu diren Aitor Calleja artisauaren eta haren laguntzailearen testigantzak ere jaso ditugu. Egia esan, pertsona asko agertzen dira dokumentalean».
Lana duela gutxi proiektatu dute jendaurrean, baina berau egiteko prozesua luzea izan dela aitortu du Ibarrak. Iazko urrian lana egiteko dokumentazioa jasotzen hasi ziren, eta, grabaketak, berriz, maiatzean egin zituzten. Muntaia, azkenik, ekainean amaitu dute. «Muntaia nahikoa konplikatua izan da, material asko jaso dugulako».
Jaialdietara begira
Lau erraldoiak herritarren aurrean aurkeztu zituzten egun berean aurkeztu zuten lana Vianan bertan. «Estreinaldi aurrekoa ondo egon zen. Jendeari lana gustatu zitzaion, eta konpartsako kideak ere pozik geratu ziren emaitzagaz».
Aurrera begira, bestalde, lana hainbat jaialdietan aurkeztu nahiko lukeela azpimarratu du zinemagile ondarrutarrak. «Viana Nafarroan dagoenez, Iruñeko Punto de Vista dokumentalen jaialdian aurkeztea gustatuko litzaidake, gaia hangoa dela kontuan hartuta. Eta, zelan ez, Ondarroan ere aurkeztea gustatuko litzadake, bertan bi ondarrutarrek parte hartu dugulako. Geroan, ikusiko da lana non ahal den aurkeztu».