2019ko udal hauteskundeetan ere Jesus Iriondo Lejardi izango da Etxebarriko EAJ-ren zerrendaburua

Bizkai Buru Batzarrek jakitera eman duenez, datorren urteko udal hauteskundeetan ere Jesus Iriondo Lejardi izango da Etxebarriko EAJren zerrendaburua. Gaur egun Iriondo Etxebarriko alkatea da. Iriondok dio alderdikideen aldetik jasotako babesa oso baliagarri izango zaiola, bai agintaldi hau amaitzeko eta baita ere datozen urteetan garatu nahi dituen proiektuekin jarraitzeko. “Gobernu talde ona daukagu. Harreman handia daukagu gure artean, eta horri esker, proiektuak naturaltasunez eta erritmo onean garatzen doaz”.

Jesus Iriondo Etxebarria alkate

Jesus Iriondo. Argazkia: Bizkai Buru Batzar

Azken urteetan egindako lanaren balorazio positiboa egin du Iriondok. “Otsolo eraikina erosi dugu, eta eraikinean bertan ostalaritzako lokala ireki dugu. Horrez gain, Etxebarria eta markina-Xemein arteko bidearen proiektua martxan jarri dugu, bai eta herriko Plan Orokorra gauzatu ere”. Halaber, bidegorrian zerbitzu publiko berriak eta gimnasioa eraiki dituztela gogorarazi eta pilotalekurako eta probalekurako proiektu integral bat dagoela gaineratu du. Hori guztia herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz egin dela eta egingo dela dio.

Hautagaitza errepikatuko duela jakiteaz batera, datorren agintaldiko eginbehar batzuk zeintzuk diren ere aurreratu du. “Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, egi bihurtu nahi dugu Etxebarriko eskola berria egiteko ideia. Eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Markina-Xemeingo Udalaren lankidetzagaz, Markina-Xemeingo saihesbidea eraiki nahi dugu”. Egungo alkatearen ustetan, proposamen horiek “eragin positiboa” edukiko dute herrian, eta Etxebarria Bizkaiko mapan “era nabarmenagoan” kokatuko dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend