Antiguako Ama traineruak zortzigarren amaitu zuen eguenean [abuztuak 30] Donostiako sailkapen estropada. Hala, arraun denboraldiko estropadarik garrantzitsuena jokatzeko atarian geratu ziren ondarrutarrak. Kontxako Bandera jokatu ahal izateko dena eman zuten, baina ezin izan dira sailkatu, 2,66 segundogatik – Santurtzik lortu zuen azken plaza–.
Iñaki Errasti Ondarroako entrenatzaileak azaldu zuenez, “pena handiagaz” amaitu zuten estropada. Kontxarako sailkatzeko gogoz zeuden, baina aurten ere ezin izan dute plazarik lortu. “Ez zait iruditzen lan txarra egin dugunik. Arraunlariek ilusio handia ekarri dute, eta 2 segundogatik kanpoan geratu gara. Azkarrago izanez gero, beste aurpegi bat izango genuen. Irlatik barrura pare bat holatu hartu ditugu, eta hor pixka bat moztu baldin badugu ere ez da nahikoa izan”.
Ondarroa Kontxako Banderan parte hartzen. Argazkia: Ondarroako kirolaren leihoa
Gizonezkoen modalitatean Donostiarra taldeagaz gain, zazpi plaza zueden jokoan sailkapen estropadan. Eta plaza horiek lortzeko lehian aritu ziren 24 taldeetatik zortzigarren amaitu zuen Ondarroak. Estropada erlojuaren aurka izan zen, eta guztira, 3 miliako distantzia bete behar izan zuten, ziaboga bakarrean. Urdaibai izan zen nagusi erlojupean, 19.56,16 denboragaz. Bermeotarrekin batera honakoak izango dira irailaren 2an eta 9an jokatuko diren finaleko estropadetan parte hartuko duten klubak, denak ere TKE ligakoak: Donostiarrarekin batera Kontxan ariko den zortzikotea Oriok, Zierbenak, Hondarribiak, Cabok, San Pedrok eta Santurtzik osatu dute.
Isuntza, Mutriku eta Lea-Artibai ere aukerarik barik. Isuntzak eta Mutrikuk ere gizonezkoen finalean sartzeko ahaleginetan aritu ziren, eta bi traineruek lan dotorea egin bazuten ere, ez zuten finalerako txartelik lortu. Isuntzak 12. amaitu zuen –Urdabairengandik 41,92 segundora– eta Mutrikuk, berriz, 23. amaitu zuen –1.51,62ra-.
Emakumezkoetan, berriz, hamasei klubek jokatu zuten sailkapen estropada. Donostiarra taldeaz gain, beste zazpi talde sailkatu ziren irailaren 2an eta 9an jokatuko diran finaleko estropadetan. Lea-Artibai arraun taldekoei zozketan azken ateratzea egokitu zitzaien, eta hamairugarren postua lortuta amaitu zuten aurtengo Kontxako sailkapen estropada.
Erlojuaren aurkako sailkapen estropadan 1,5 miliako distantzia bete behar izan zuten, ziaboga bakarragaz. Riveira izan zen bizkorrena sailkapen estropadan 11.17,02 denbora eginda. Kontxako Bandera jokatzeko txartela lortu duten gainerako klubak San Juan, Orio, Arraun, Kaiku, Hibaika eta Tolosaldea izan dira.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.