Datorren urteko maiatzean ospatuko diren udal hauteskundeetan Markina-Xemeingo alkatetza EAJrentzako berreskuratzeko erantzukizuna edukiko du Egurrolak, eta EAJren proiektuaren aurrean jartzeko
ardura “pozarren” hartu duela dio. “Nire herrikideek aukeratua izateak ematen didan konpromisoarekin eta ilusioarekin egingo dut”. Halaber, eginkizun horretarako
“unerik egokienean” aurkitzen dela gaineratu du. “Gogotsu eta indartsu sentitzen naiz aurkeztu zaidan erronka honi aurre egin ahal izateko. Niretzat garrantzitsuena da markina-xemeindarrek ikus dezatela prest nagoela gure udalerriaren garapenerako ezinbesteko egiten zaizkigun proiektuak biziberritzeko eta burutzeko”.
Azken bi agintaldietan oposizioan egon da EAJ Markina-Xemeinen. “Zenbakiak direla eta, ez zaigu gauza asko egiteko aukerarik eman, baina gure helburu nagusia da egoera hau aldatzea”, gaineratu du. Lana eta borondatea ez zaiela faltako esan du. “Ahal dugun guztia egingo dugu herrikideengan ilusioa pizteko eta hiritargo osoa bateratzeko proiektuak aurkezteko”.
Luis Egurrola Arakistain. Argazkia: BBB
Egurrolak 46 urte ditu eta ezkonduta dago. Enpresa zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, euskalduna da, ingelesez oso ondo moldatzen da eta frantsesa ulertzen du. Azken hogei urteotan
finantza sektorean jardun izan du. Halaber, oso
presente dago Markina-Xemeingo bizitza kulturalean. Herriko musika bandako kidea izan zen eta zesta-puntako jokalari amateurra izan zen 27 urte bete zituen arte. Horrez gain,
Abarka antzerki taldeko kidea da eta
Izarbidean sentsibilitate fisiko zein zeintsoriala duten pertsonen elkarteko presidentea eta Markina-Xemeingo EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakaria da.
Bere herria bihotzez maite duela dio. “Leku guztiak dira bereziak, ederrak eta bakarrak, baina bat aukeratu behar badut,
Markina-Xemeingo Zelaia esango nuke, guk
Praue izenez ezagutzen duguna. Udalerri erdian daukagun gunea da, belaunaldi guztietako herritarrak elkartzen dira bertan. Herri honen esentzia da, bertan jolas gaitezke, besteei entzun, lagunekin egon, edozein aktibitatetan parte hartu… Jaietan herritarren erdiak batzen gara bertan egiten dugun anaitasun bazkarian. Ez dago parekorik”.