260 pertsonak aurretiaz izena eman dute Ispasterko mendi martxan
Ispasterko VII. Mendi Martxa domeka honetan egingo dute (irailak 16). Egunean bertan ere izena eman ahalko da, irteera orduak baino ordu erdi lehenago. 14 urtera artekoek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta gainontzekoek 15 euro. Domekan izena ematen dutenek ez dute martxaren kamiseta eskuratuko, alabaina, opari bana jasoko dute.
Antolatzaileek esan dutenez, iaz baino jende gehiagok izena eman du aldez aurretik. Hala, domekan ere jendea animatuko dela uste dute. Izan ere, gogora ekarri dutenez iaz 100 pertsona baino gehiagok izena eman zuten martxaren egunean.
Bestalde, antolaketa lanetarako herritarren laguntza beharrezkoa izaten da urtero, eta oraingo honetan ere horrela izango da. 50 bat pertsona ariko dira boluntario lanetan. Horiek, besteren artean, ibilbidearen garbiketa lanak eta seinaleztapenak egingo dituzte.
Martxa luzeko parte hartzaileak izango dira goiztiarrenak. Horiek herriko plazan 08:30ean irten, eta 23 kilometroko ibilaldia egingo dute. Ondoren, txirrindularien txanda izango da; 09:30ean dute irteera-ordua, eta 28 kilometroko BTT martxa egingo dute. Korrikalariak, berriz, 10:00etan aterako dira plazatik, eta 23 kilometroko mendi lasterketa burutuko dute. Mendi martxa laburrekoak 10:30ean abiatuko dira, 10 kilometroko ibilbidea egiteko.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lasterketak eta mendi martxa luzeak ibilbide berdina dute, BTT Martxak, ostera, beste ibilbide bat izango du oinezkoekin bat ez egiteko.
Zozketak. Bestalde, aurreko urteetan moduan, parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte aurten ere. Maite Fisioterapian saio bat, Otoio Kirolak dendak emandako pultsometro bat eta Ispasterko Herriko tabernan eta Areitz-Bi jatetxean bi pertsonentzako bazkari bana zozkatuko dituzte.