Auzo elkarteko ordezkaritzak, zehazki, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituretako Batzordearen aurrean Mutriku eta Deba arteko errepidean egingo dituzten lanei buruzko
kezkak agertu, eta horrek bizilagunei eta ostalariei ekarriko dizkien kalteen berri eman dute. Agerraldia
Xabier Olano EH Bilduren eta Juantxo Iturria Ahal Duguren batzarkideek eskatuta egin da, “beharrezkoa ikusten zutelako auzokideen ahotsa entzutea Bide Azpiegituretako batzordean”.
Lanek eragin zuzena izango dute auzoan bizi direnentzat, eta Larangakoek “kezkati eta urduri” daudela nabarmendu dute. Euren egoera zein den azaldu dute, eta orain arte gaiarekin eduki dituzten
gorabeheren zehaztasunak eman dituzte. Besteak beste, proiektuaren berri noiz eduki zuten, eman dizkieten alternatibekin ez direla egon ados edota alegazioen erantzuna ez dela euren gustukoa izan agertu dute.
Larangakoen agerraldia. Argazkia: EH Bildu
PP, PSOE-EE, EAJ, Podemos-Ahal Dugu eta EH Bilduren batzarkideak egon dira gaurko agerraldian, eta Larangakoek talde bakoitzeko batzarkideekin
gaia eztabaidatzeko aukera izan dute. Alderdi politiko bakoitzak galderak egiteko bi aukera eduki ditu. “Denek galdetu dute, eta denei erantzuten ahalegindu gara”. Ordezkaritzak jakitera eman duenez, gustura geratu dira agerraldiarekin. “Emaitzak ikusi egin beharko dira, baina gaurko batzarretik gustura irten dugu”.
Batzarrari dagokionez, alde politikoen ordezkariek
askotariko erantzunak eman dituzte. EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguko batzarkideek “nahikoa zorrotz” jokatu behar dela adierazi dute. PSOE-EEko batzarkideak, bere aldetik, auzotarrek “bide hobeagoak” izango dituztela gogorarazi du. PPkoak, aldiz, akordio batera, gutxienez, iristea beharrezkoa dela argudiatu du. Errepidearen hobekuntzek eragindako kaltea auzokideengan ahalik-eta txikiena izan dadin ahaleginduko direla azpimarratu du, bestalde, Xabier Ezeizabarrena EAJren bozeramaileak.
Aldarrikapenak kalera. Hurrengo egunetan Galbaixo jaiak direla aprobetxatuta, bestalde, Larangako auzotarrek euren aldarrikapenak kalera aterako dituzte. Errepideko hobekuntza lanen proiektua autobus geralekua eta auzorako sarrera seguru bat eskatu nahi dute bereziki.