Mutrikuarrek erabateko gehiengoa izango dute zapatuan [irailak 15], 22:00etan, Miruaitz pilotalekuan jokatuko dituzten Mutrikuko
Xistera Ugarein zirkuituko txapelketaren finaletan. Gazte mailan hiru izango dira Danok Bat pelotazale elkarteko puntista mutrikuarrak (Aratz Mendizabal
Goixarri, Zuhaitz Arrillaga eta Jon Iparragirre), eta maila nagusian Mikel Manzisidor izango da Mutrikuko ordezkari bakarra.
Finalei dagokienez, partiduak hamabost tantoko
bi set-era jokatuko dira, eta berdinketa egonez gero, hirugarren
set bat ere jokatuko da, bost tantotara.
Gazte mailako norgehiagoka jokatuko dute lehenengo. Bertan, Zuhaitz Arrillagaren eta Jon Iparragirreren aurka ariko dira Aratz Mendizabal eta IƱaki Perez. Kinielak irabazi ondoren,
Goixarri eta Perez dira txapelketa irabazteko faboritoak. Arrillaga eta Iparragirre, aldiz, bigarren izan ziren kanporaketan, eta faboritoak izan ez arren, ezustekoa ematen saiatuko dira.
Maila nagusian, ordea, Mikel Manzisidorren eta Aaron Gonzalez de Mataucoren aurka ariko dira Joseba Zuloaga eta Carlos Lazaro.
Ordezkari mutrikuarra eta gasteiztarra finala irabazteko faboritoak dira. “Sekulako itxura eman zuten, eta kinielak, gainera, erabateko nagusitasunarekin irabazi zituzten”. Aurrean eskarmentu handiko bi puntista izango dituzte. “Zuloagak sekulako mina egin dezake aurrean, botere handia baitauka aurreko koadro horietan. Atzean, berriz, Lazaro oso segurua. Cabanillasekoak ez ditu pilota asko galtzen”.