Hazteko eta hobetzeko ilusioz
Lointek Gernika Bizkaiak Malosten jokatuko du Eurokopako lehen partidua, urriaren 8an. Dia Ligaren lehen jardunaldia Madrilen lehiatuko dute talde guztiek, urriaren 14anLointek Gernika Bizkaia prest dago 2018-2019 denboraldirako. Ilusioz betetako talde...
Lointek Gernika Bizkaiak Malosten jokatuko du Eurokopako lehen partidua, urriaren 8an. Dia Ligaren lehen jardunaldia Madrilen lehiatuko dute talde guztiek, urriaren 14an
Lointek Gernika Bizkaia prest dago 2018-2019 denboraldirako. Ilusioz betetako taldea osatu dute; dituzten erronkei aurre egiteko gogotsu daude jokalariak zein gainontzeko taldekideak.Mario Lopez entrenatzaileak azaldu duenez, «defentsako zein erasoko profila» apur bat aldatu dute: «Uste dut atzean aurreko bi denboraldietan baino biziagoak izan gaitezkeela, eta aurrean, batez ere, barruko jokoan jaurtiketa gehiago izango ditugu. Joko biziagoa eta arinagoa egitea espero dugu. Eta horregaz batera, gure hastapenetara bueltatu, defentsatik erasotzen saiatuz».
Astelehenean hasi ziren entrenatzen, eta egindako fitxaketekin pozik daudela adierazi du. «Sentsazio onekin» daude.
Domekan hasita, hainbat lagunarteko jokatuko ditu taldeak denboraldi-aurrean. Horrez gain, irailaren azken asteburuan Euskal Kopa lehiatuko dute, Durangon.
Hiru urtez jarraian koparen txapeldun izan ondoren, iaz puntu bakarragatik galdu zuten finala, eta aurten kopa etxera ekartzeko lehiatuko dira.
Talde gernikarraz gain, DK Gipuzkoa eta RPK Araski ariko dira titulua lortzeko lehian, eta haiekin batera GDKO Ibaizabal edo Añares Rioja lehiatuko da elkarren kontra jokatuko dute Euskal Kopara sailkatzeko. Lointek Gernika Bizkaiak IDK Gipuzkoaren kontra lehiatuko du finalerdia irailaren 29an, 19:30ean.
Aurretik, domekan (irailak 16) Tarbes taldearen kontrako lagunartekoa daukate Malosten. 12:30ean hasiko da partidua. Irailaren 22an (zapatua), ostera, Donostiara joango dira IDK Gipuzkoaren kontra lehiatzera. Urriaren 5ean dute azken lagunartekoa; Mann-Filterren kontra izango da, Zaragozan.
Naiara Diez kapitainarentzat seigarren urtea da taldean. Dituzten erronkak betetzeko «talde polita» ikusten du, eta «joko alaia» egingo dutela dio: «Partidu asko ditugu lehenengo bi asteetan. Beraz, erronka handia da guretzat. Jokalariak maila handikoak dira. Etorri direnak oso pozik daude, lana ondo egiteko gogoagaz».
Aurten zortzi talde sartuko dira Erregina Kopan, eta liga irabazteko kanporaketak ere zortzi taldek lehiatuko dituzte: «Europako erronka eta ligakoa ilusio handiagaz hartuko ditugu. Ea taldean ondo lan egiten dugun».
Etxean bezala sentitzen da, «gernikar bat bezala». Zaleen bultzada ezinbestekoa da, eta aurten, gainera, Eurokopa Malostera dator, eta pozik daudela adierazi du kapitainak: «Pasaden urtean oso ondo egon ginen Bilbon, eta jende asko joan zen. Baina Gernikan jokatzea beti da berezia guretzat. Gernikako jendea gugaz egongo da, eta hori guretzat seigarren jokalaria pistan egotea da».
Iaz Bilboko Casillan lehiatu zituzten etxeko neurketak. Aurten, baina, etxean, Malosten jokatuko dituzte. Horretarako, hainbat lan egin dituzte. «FIBAk eskatzen dituen baldintzak betetzeko egokitzapen lanak egin ditugu. Bigarren markagailu bat erosi dugu, eta alboetako batean harmaila jarriko dugu», azaldu du Gerardo Candina Gernika KESBren presidenteak. Urriaren 8an Namur taldearen kontra jokatuko dute Malosten.
Bestalde, urriaren 14an hasiko dute Dia Liga, Snatt`s Femeni Sant Adria talde katalanaren kontra. Open Day-a Madrilen izango da.
Ana Hormaetxe Gernika-Lumoko alkateordeak taldea zoriondu du: «Udala eta gernikar guztiok harro sentitzen gara EuroCup-en gernikar talde baten parte hartzeagaz, gure herriaren izena Europan zehar eroango dute eta». Gernika-Lumoko enbaxadoreak izango direla esan du. Hala, Malosten egindako inbertsioa harrobiko talde guztientzat onuragarria izango dela nabarmendu du.
Lopezen berbetan, oraindik goizegi da helburuez hitz egiteko, baina aurreko denboraldietako maila berean egotea espero du. Eta «pauso bat gehiago» emateko aukera balute aprobetxatu egingo lukete: «Gutxienez aurreko kanpainetan egin duguna errepikatzea gustatuko litzaiguke. Beti egon gara lehenengo seiren artean, sailkapenaren goikaldeko borrokan. Horrez gain, EuroCup-en lan txukuna egin gura dugu; aurreko fase honetan aurkari gogorra daukagu. Bestalde, kopa lehiatzeko txartela lortzea ere bada gure helburua».
Urrian partidu asko jokatuko dituztela kontuan hartuta eta aipatu helburu horiek lortzeko zereginean, denboraldi-aurre lasaia izatea inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela dio entre- natzaileak, «lesio barik, eta azken orduko ezusteko barik».
Eurokopako partiduetan Maloste betetzeko itxaropena daukate. «Zaleen babesa ezinbestekoa izango da. Bi partidutara da lehenengo kanporaketa, eta puntuen aldea are garrantzitsuagoa izango da. Giro beroa izatea espero dugu».
Klubeko presidenteak taldearen ilusioa azpimarratu, eta Bizkaiko saskibaloiaren harrobi onena izateagaz harro daudela esan du: «Egunotan aipatzen ari gara; hau ez da magia, ilusioa da. Lelo hori erabiltzen ari gara, eta denboraldi hau definitu behar duen leloa da. Hobetzen jarraitzeko ilusioa. Gure jarraitzaileen babesa urtez urte handitzen joateko ilusioa. Formazio taldeen egituragaz lanean jarraitzeko ilusioa. Esparru guztietan hobetu eta hazteko ilusioa daukagu».