Kudeaketa hobeagoaren alde
Hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuaren alde egiteko tokiko erakunde batzuek Hobeki elkartea sortu dute. Berriatua hasieratik da elkarteko kide.Hondakinen kudeaketaren ikuspegi ezberdinak dauden garai honetan, hondakinen kudeaketa ekologiko et...
Hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuaren alde egiteko tokiko erakunde batzuek Hobeki elkartea sortu dute. Berriatua hasieratik da elkarteko kide.
Hondakinen kudeaketaren ikuspegi ezberdinak dauden garai honetan, hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuaren alde egiteko tokiko erakunde batzuek Hobeki elkartea sortu zuten ekainean. Berriatuko Udalak elkarte horregaz bat egin zuen, hasieratik. «Ez dago hondakinen kudeaketarako politika antolaturik, herrialde bakoitzak bere erara funtzionatzen du, eta etekin politikoa eta ekonomikoa atera nahi izan zaio konpromiso soziala eskatzen duen gai bati».Askotan, gainera, erabaki eta jardun okerrak gailentzen direla esan dute, «unean uneko bultzadei eta interes ekonomiko pribatuei men eginez». Gaur egun hondakinen legediak kudeaketa zein printzipiok gidatu behar duten «ondo markatzen» duela diote. «Legeak argi azaltzen du tratamendurako hierarkiaren printzipioa, salneurrien eta tarifen politika eta gardentasunaren irizpidea». Ildo horretatik, osasuna, ingurumena edota ekonomia zirkularra bezalako kontzeptuak denen ahotan dabiltzala esan dute. «Zoritxarrez, baina, praktika oso bestelakoa da».
Kudeaketa «ekologikoa»
Horren aurrean, ingurumena eta osasuna lehenesten dituzten toki erakundeek elkarte bat sortzea adostu dute elkarren arteko komunikazioa eta esperientzia nahiz iritzi trukaketa behar bezala egiteko eta beste toki erakundeen ezagupenera iristeko. «Hobeki elkarteko kideok hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuagaz erabateko konpromisoa daukagu, bai teorian eta baita ere praktikan. Elkarte batean batzea erabaki du- gu, interes komunaren mesedetan lankidetza sustatzeko».
Elkarteko kide diren erakundeek lau konpromiso onartu dituzte. Hala, alde batetik, elkartearen printzipioak onartu eta hondakinen politika printzipio horien arabera garatzeko konpromisoa hartu dute, bai eta elkarteari udalerriaren unean uneko egoeraren berri emateko ardura ere. Horrela, beraz, elkarteak kide diren erakundeek gai horren inguruan hartzen dituzten erabakiak edota egiten dituzten aldaketak jakingo ditu. «Udalerriko hondakinen kudeaketarako plangintza bat diseinatu eta martxan jartzeko konpromisoa ere hartu dute, eta tratamendu finalistara doan zatia ahalik-eta txikiena izateko ardura hartu dute».
Elkarteko ateak zabalik daudela gogorarazi dute. Hala, interesa daukaten erakundeek elkartearen webgunearen bidez izena eman dezaketela esan dute (www.hobekielkartea.eus); horiekin harremanetan jarriko liratekeela azaldu dute.