Harrera ona eduki du aurten ere,
Artzabal Surf Elkarteak Mendexako Karraspio hondartzan antolatutako
VII. Surf Egunak. 80 umek parte hartu zuten zapatu [irailak 15] goizeko surf ikastaroetan, eta arratsaldeko hondar hondakinen eta hondarrezko eskulturen tailerrek ere parte hartze handia eduki zuten. Denetara, 100 bat ume aritu ziren sormen lanetan.
VII. Surf Eguneko Txiki Surf Txapelketako parte hartzaileak. Argazkia: Artzabal
Hiru monitorek lagunduta ikasi zuten umeek goizean surfean eta irakasle berezia eduki zuten arratsaldean;
Axi Muniain surflari ezagunagak surfeko master classa bai eta Bodyboard eta surf expression saioak eskaini zizkien surfzaleei.
Aurten, nagusien surf txapelketa barik
expression saioak eskaintzea erabaki zuten Artzabal Surf Elkartekoek, «nagusien txapelketa luze joaten delako». Saioko irabazlea Odei Cristobal izan zen. Txiki Surf lehiaketa, ordea, Oxel Oregik irabazi zuen. Hogei parte hartzaileen artean egin zuten lehia.
VII. Surf Eguneko familia argazkia. Argazkilaria: Artzabal Surf Elkartea
Tailerrak. Surf ikuskizunez gain, ikusgarria izan zen bai eta ere, Andoni Bastarrika sortzaileak hondarragaz eraiki zuen zezen marrazoa. Egun osoan egon zen lanean, 09:00etan hasi eta bazkalostera arte. Eskultura tailerra ere eskaini zuen Bastarrikak, dordoka eta olagarroak eraiki zituzten besteak beste tailerreko parte hartzaileek.
Urtero bezala, kirola, jaia eta giro ona lotu zituen egunak. Familia argazkia atera eta Axi Muniainek sariak banatu ostean, Rock and Roll Expres taldearen kontzertuagaz amaitu zuten eguna.