13 urteren ostean, Lekittarra gorengo mailan egongo da berriz. 9 puntu pilatuta lortu du TKErako txartela Osertz Aldaik zuzendutako taldeak (Astillero izan du igoeran lagun, 7 puntugaz).
Emozioz betetako asteburua bizi izan du Isuntza Arraun Elkarteak. Orain dela lau aste amaitu zuten liga, eta tarte hori aprobetxatu du taldeak play-off-etarako prestatzeko. «Gorputzari atseden eman, eta aldi berean estimulu bat eman eta ondo prestatzeko», azaldu du Lekittarra-ren entrenatzaileak. Herriko jaiak izanda, mutilek ahalegin berezia egin dutela azpimarratu du; «egia esan, oso ondo prestatuta geunden astebururako». Horrela, Bermeon irabazi eta Portugaleten bigarren egin du taldeak, goiko mailara jauzia emanez.
Aldaik aitortu duenez, zapatuko estropada begiz jota zeukaten. «Eremu hori, itsasoko eremua, guri hobeto etortzen zaigulako, baina beldur pixka bat ere bagenuen, itsaso mugitua egoteak, nahiz eta gu ondo moldatu, ez zigun-eta emaitza ona lortuko genuenik bermatzen». Momentua aprobetxatzen jakin zuten hasieratik, eta estropadako erreferentziak aldekoak izateak konfiantza handia eman zien. «Estropada puzkatzea eta gure maila ematea lortu genuen zaila zen egun batean. Horrelako egunetan ez da erraza izaten %100 ematea eta norbere lana egitea, baina guri primeran atera zitzaigun dena, asmatu egin genuen».
Urteetako lana. Zapatuan ezer galtzekorik ez bazeukaten eta irabazteko asko, domekako estropadan galtzeko asko zeukaten. «Denborak estuak izango zirela eta ez zela gure eremurik egokiena jakinda, errespetuz begiratzen genion, eskura genuen, baina gu ere lan ona egitera behartuta geunden. Estropada on baten bila atera ginen, eta uste dut estropada txukuna egin genuela; hor lortu genuen lehen postu horri eustea».
Aldaik azaldu duenez, igoera ez da izan denboraldi hasierako helburua; ilusio hori egia bihurtzen joan da, estropadaz estropada. «Ikusi dugu, behintzat, bigarren postua eusteko gai izango ginela eta horrek emango zigula play-off-erako aukera». Hala, ilusioa errealitate bihurtzen joan zaie, eta euren buruarengan izan duten konfidantzak indarra eman die gorenera heltzeko. «Uste dut urte askotako lanaren emaitza dela hau, harrobiak hori eskatzen du pazientzia, emaitzak ezin dira berehala lortu eta pausoz pauso joan behar duzu. Aurretik lan asko egin da, eta nik lan horren emaitza ikusteko zortea eduki dut».
Ibilbide osoan zaleen babesa eta indarra nabaritu du taldeak. Plaza osoa bete zen domekan [irailak 16], taldeari harrera beroa egiteko, eta babes hori eskertu du. «Mutilei ilusioa trasmititu diete herritarrek, eta indar handia eman digu erronka honi aurre egiteko. Ez da traineru bat, ez da talde bat, azkenean herri bat da, eta lorpenak herriarenak dira eta guztion artean lortutako erronka bat da».
Ondarroa Arraun Elkarteak ere zorionak eman dizkio sare sozialen bitartez: «Ongi etorri Lekittarra AE TKE Eusko Label ligara, eta zorionak aurtengo denboraldiagatik».
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.