Sindikatuek barikuan hildako langilearen heriotza salatuko dute
Elkarretaratzea deitu dute, gaur, Alamedan. Langilea laugarren solairutik jausi zen, etxebizitza batera obrak egiteko beharrezko materiala igotzen ari zirenean46 urteko langile bat hil zen lan istripuan barikuan, Ondarroako Artabide 28 zenbakian, 10:30...
Elkarretaratzea deitu dute, gaur, Alamedan. Langilea laugarren solairutik jausi zen, etxebizitza batera obrak egiteko beharrezko materiala igotzen ari zirenean
46 urteko langile bat hil zen lan istripuan barikuan, Ondarroako Artabide 28 zenbakian, 10:30 aldera. Behargina Soraluzekoa zen, Obras y Reformas Ibaro enpresakoa, eta etxebizitza batean obran zebiltzan istripua gertatu zenean. Lekukoek adierazi zutenez, obrara beharrezko materialak igotzen ari ziren garabi beso bategaz, eta balkoi eta guzti erori zen, laugarren pisutik. Osalan istripua ikertzen ari da.Aurten, uztailera arte, 20.106 lan istripuren berri eduki du Osalanek; 17.806, lanpostuan bertan gertatutakoak. LABen datuen arabera, Euskal Herrian lan istripuan hil den 47. langilea da barikukoa (heriotza guztiak Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan izan dira); Bizkaian, 22.a.
Dolu eguna
Ondarroako Udalak adierazpena onartu zuen barikuan, eta atsekabea agertu zuen langilearen heriotzagatik. Doluminak helarazi nahi izan zizkien hildako beharginaren familiakoei eta lagunei. Bide beretik, zapatuan dolu eguna deitu zuen, eta banderak erdira jaitsi zituen. «Prebentzio neurri guztiak hartu behar dira lan istripuak saihesteko, edozein lan motatan segurtasuna lehentasunezko helburua izan behar delako», esan zuen. Era berean, erakundeei lan arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela eskatu zuen, lan-administrazioagaz eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta.
Gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egingo da, gaur, 12:00etan, Alamedan, lan istripua salatu eta neurriak hartu ditzatela eskatzeko. Udalak deialdiagaz bat egin du.