GED-k «askatasuna erabakitzea» dela aldarrikatuko du Gernikan, hilaren 29an
Ekitaldi «berezi, ireki eta historikoa» izango dela nabarmendu dute. Euskal Herriko zein Kataluniako eragile politiko eta sozialak elkartu gura dituzte Astra kanpoaldeanKataluniako erreferendumaren urteurrena beteko da urriaren 1ean, eta bi egun lehe...
Ekitaldi «berezi, ireki eta historikoa» izango dela nabarmendu dute. Euskal Herriko zein Kataluniako eragile politiko eta sozialak elkartu gura dituzte Astra kanpoaldean
Kataluniako erreferendumaren urteurrena beteko da urriaren 1ean, eta bi egun lehenago, irailaren 29an, Gure Esku Dago herri dinamikak ekitaldi nazionala egingo du Gernika-Lumoko Astraren kanpoaldean, 17:30etik aurrera. Askatasuna erabakitzea dela. Mezu hori zabaldu gura dute mundu osora.Bi aste barru Astra kanpoaldean ikusaraziko duten irudia sormen eta elkarlan prozesu baten emaitza izango dela azaldu dute, eta ahalik-eta zabalena izatea da euren asmoa. «Edozein herrik bere etorkizunaz erabakitzeko duen askatasunaren aldeko mezua zabalduko dugu Euskal Herriaren askatasunaren ikur den leku sinboliko honetatik, Gernikatik. Iaz Bilboko kaleak betez bidali genituen elkartasun besarkadak Kataluniara. Aurten Gernikan egingo dugu bat guztiok», nabarmendu dute GED-ren ordezkariek.
Elkartasuna
Demokraziaren defentsan egingo dute, eta Kataluniari, hango preso politikoei, exiliatuei, errepresaliatuei eta haien senideei elkartasuna adieraziko diete. Atzo goizean Astran egindako agerraldian ere horiek gogoan izan zituzten; ANC eta Omnium Cultural taldeetako Jordi Sanchezi eta Jordi Cuxarti besarkada bana bidali, eta haien askatasuna eskatu zuten.
Irailaren 29koa ekitaldi «ireki, berezi eta historikoa» izango dela nabarmendu dute, eta euskal herritarrei Gernika-Lumora hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete.
Jakitera eman dutenez, datozen egunotan obra kolektibo bat sortzeari ekingo diote, eta hilaren 29an borobildu egingo dute, zehaztu dutenez, «kutsu artistiko eta politiko handiko ekitaldi berezi bategaz».
Aipatu sormen lana udalerriko eragileetako kideek eta bertoko bizilagunek egingo dutela aurreratu dute.
Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailearen berbetan, erabakitzeko eskubidearen aldarria eta urriaren 1eko erreferendumaren dimentsio politikoa, nazioartera zabalduko dituzte, «modu ikusgarri batean».
Hain zuzen ere, egun horretan, Euskal Herriko eta Kataluniako eragile politiko eta sozialak elkartu nahi dituzte, «eta baita oinarrizko aldarrikapen ho- negaz bat egiten duten herritarrak ere».
Beste behin, urriaren 1eko erreferendumaren garrantzia azpimarratu dute: «Demokraziaren, bakearen eta askatasunaren alde lan egin zuten eta lanean jarraitzen duten herritarren duintasuna txalotzekoa da. Uste dugu unea dela herritarron asmo politikoei erantzuteko tresna eta bide demokratikoen beharra nabarmentzeko; izan Katalunian, Eskozian zein Euskal Herrian».
Ekitaldia Gure Esku Dago-ren, Gernika-Lumoko Udalaren eta herriko eragile sozialen arteko elkarlanaren emaitza izango dela aurreratu dute.