Urdaibai FT eta Getxo RT irabazle, emakumezkoen lehen txapelketan
Urdaibaik 1-0 irabazi du Vitoriaren aurka. Gernika RTk finalean galdu du Getxoren kontra. Horrelako txapelketa gehiago antolatu behar liratekeela uste duteFutbolean Urdaibai Futbol Taldeko jokalariek eta errugbian Getxo Rugby Taldeko errugbilariek ez z...
Urdaibaik 1-0 irabazi du Vitoriaren aurka. Gernika RTk finalean galdu du Getxoren kontra. Horrelako txapelketa gehiago antolatu behar liratekeela uste dute
Futbolean Urdaibai Futbol Taldeko jokalariek eta errugbian Getxo Rugby Taldeko errugbilariek ez zuten hutsik egin asteburuan lehenengoz jokatu zen Gernika Hiria txapelketan. Gernika-Lumoko errugbi taldeak fina- lean galdu zuen getxoztarren kontra.Finala 1-0 irabazi zuen Urdaibai futbol taldeak CD Vitoriaren aurka. Indartsu zelairatu zen zapatuan etxeko taldea, eta egin beharrekoak txukun egin zituen. Txapelketako onena, baina, «neskek azken aldian izan duten hobekuntza» ikustea izan zela azaldu du Ibon Urizar taldeko presidenteak. «Joan den denboraldia maila onean bukatu zuten, eta hazkunde horretan daudela berretsi dute asteburuan».
Jokalarientzat lehenengo txapelketa etxean jokatzea eta irabaztea «oso onuragarria» izan dela aitortu du presidenteak, eta neskak «pozik» geratu zirela azaldu du.
Errugbiari dagokionez, getxoztarrek 20-0 hartu zuten mendean Gernika Rugby Taldea. Finala galdu arren, basurdeak «pozik» daude egindako lanagaz. Taldean jende berri asko dagoela esan du Maite Bilbao jokalariak, eta orain arte ez dutela asko entrenatu aitortu du. Hala ere, «gogotsu eta beldur barik» daudela esan du. «Ondo aritu ginen txapelketan. Lehenengo partidua lan asko eginda irabazi genuen, eta, bigarrenean, lehen mailatik jaitsitako taldearen aurka jokatzea gogorra egin zitzaigun. Hala eta guztiz ere, lan polita egin dugu, eta taldean giro ona daukagu».
Txapelketaren helburua
Futbolean eta errugbian gizonezkoen irudiak gailentzen dira emakumezkoen gainetik. Asteburuan jokatutako txapelketak «irudi horretatik aldentzeko» balio izan duela uste du Bilbaok; «emakumeok ere errugbian jokatzen dugula erakusteko balio izan du». Hori ikusita, horrelako txapelketa gehiago egin behar direla aitortu du.
Bere aldetik, Urizarrek esan du gero-eta jende gehiago hurbildu dela futbol taldera. «Iaz, zazpi jokalari besterik ez genituen, baina aurten hamahiru ditugu. Herritarrak gogotsu daude taldeagaz».