Giro paregabean eta plaza bete jendegaz ospatu da Ispasterko Nekazal Azoka
zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi
Ispasterko alkate Garbiñe Saenz de Buruaga eta Azaro Fundazioko eta Lea-Artibai Garapen agentziako ordezkariak egon dira sariak banatzen. Eta dinamizatzaile modura, Herribixi kooperatibako Eneko Arrate eta Nerea Gartzia. Sari banaketa ekitaldia eta aurreko minutuak umorez jantzi dituzte, eta txiki eta nagusiek Makilakixki-ren istorioa ezagutzeko aukera ez eze, antzezlanaren parte izateko aukera eduki dute. Baserritarren eta artisauen bilgune. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako ekoizleen eta artisauen bilgune izan da beste behin ere azoka; sei artisau postu eta janari-edarien hamahiru postu egon dira aukera-aukeran. Besteren artean, Berriatua, Bedarona, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mungia, Zeanuri, Bilbo eta Lasarteko produktu fresko eta ekologikoez bete da plaza, eta haien alboan, Ispaster, Lekeitio, Gernika-Lumo, Barakaldo, Atxondo eta Soraluzeko artisauen lanak egon dira. Iaz ezin egon izan ziren Lekeitioko bolillerak ere berton zeuden. Begoña Oiarbide irakaslea eta haren ikasleek balio kontaezina daukaten lanak eroan dituzte azokara, eta azokara joan direnek lana nola egiten duten ikusi ahal izan dute bertatik bertara. “Bi urtetik behin Ibarrangeluko azokara joaten gara, eta urtero Ispasterkora. Beste nonbaitetik gonbidapena jasoz gero, pozik joango ginateke, batez ere herri txikietako azoketara”, azaldu du Oiarbidek.zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi
Eta beste behin, Ispasterko eskola umeen postuak ere ez du hutsik egin. Iaz eskolan landatutako ortuariak jarri zituzten saltzen, eta gaur, berriz, denetarik pixkat: sendabelarrak, gozokiak, labanda, loreak, pitxiak… Inguruko baserritarren animaliak ere egongo dira ikusgai. Txakur, poney, behi, idi, ahuntz, ardi, ahari, aker eta oiloek erosle eta txikienen arreta bereganatu dute. 40 kilo falda. Urtero legez, elizpean egon dira gaur ere okela prestatzen. Txorizoa, urdaiazpikoa, solomoa eta txahal falda pintxoak dastatu ahal izan dituzte azoka eremuan bildu direnek. Lanean aritu direnak gustura eta kanpoan egon direnak are gusturako geratu dira.