14:00etan zeukaten Musika Plazan hitzordua jarrita gaur [irailak 22] 4 eta 14 urte bitarteko umeek. Izena emanda zeudenek eta emateko zeukaten bat edo bestek.
Arrigorri Itsas Arrantza elkartearen eskutik askaria jaso, eta Zubi Barritik portu muturrerainoko gunera joan dira, bakoitzak nahi izan duen lekura. 15:00ak orduko kanabera, apario eta arrek hartu dituzte eremu horiek guztiak.
Nagusiagoek lagun artean eta txikienek senideen laguntzagaz egin dute arrantzualdia. Kalare Deuna inguruan zebiltzanek 1, 2, 6… arrain zituzten poltsan 16:00ak aldera, beste bat edo batek ezin izan du bat bera ere jaso, baina edozelan ere, ondo pasatu dute, eta irribartsu zebiltzan.
Parte hartzaile bi, arrantzatutako arrainak erakusten, harro.
17:00etan amaitu behar zuten harrapaketa, eta ordua ailegatuta, Musika Plazarako bidea hartu dute berriz, urtero legez bertan egin da-eta sari banaketa. Herribixik gidatuta, umore ederrean egin da ekitaldia:
4 eta 8 urte bitarteko irabazlea Nora Eizagirre izan da, 63 arrainegaz; Nora Ibarretxe Noya izan da bigarren sailkatua, 56gaz, eta Naia Cordoira hirugarrena, 47gaz.
9 eta 14 urte bitartekoen kategorian, Ainar Muñoz izan da garailea (77 arrain), Luka Gisasola Zabala bigarrena (70) eta Alain Saborido hirugarrena (59).
Arrain pisutsuena jaso duena Xanet Arruabarrena izan da (750 gramoko aingira harrapatu du);
partaide gazteenari dagokion saria Amets Alberdi Arrizabalagarentzat eta Jon Andreu Pernasentzat izan da.