Aratz Mugertza mutrikuarrak Euskal Pentatloi sarian parte hartuko du
Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak zapatuan [irailak 29] Azpeitiko zezen plazan jokatuko den VI. Euskal Pentatloi Sarian parte hartuko du. Txapelketa berreskuratu berriak ikusmin handia sortu du herri kirolen zaleen artean, izan ere, duela 28 urte egin zuten azkenekoz herri kirolen pentatloia.
Iturritza baserrikoak beste bost lehiakideren aurka neurtu beharko ditu indarrak hitzordu berezian. Honakoak izango ditu plazan aurkari: Haritz Azpiazu Arria VI, Xabier Zaldua, Luis Txapartegi, Xabier Orbegozo Arria V eta Jon Gisasola Zelai V.
Txapelketari dagokionez, herri kiroletako bost lanez osatua dago. Hala, sei kirolariak harri jasotzen, giza proban, aizkoran, txinga eramaten eta korrika nor baino nor hobeto aritu beharko dira saria irabazteko. Lanei dagokienez, berriz, honakoa izango da kirolari bakoitzak egin beharrekoa: 100 kiloko harri bola 25 aldiz jaso, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, kanaerdiko hiruna enbor moztu, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu, eta, azkenik, hiru kilometroko saioa korrika egin beharko dute.