Zerbait letrez marraztu nahian,
absurdo-tik asko duela dirudien hemen eta orain honetan. Asteon lehen hotzak nabaritu zituen, burugogorkeriaz, behatzak oraindik galtzerdi itxialdira sartzea erresistitzen den honek. Lehen hotzekin batera etorriko dira dardarak, etorriko dira katilu bete kerekin eskuak berotzeko ahaleginak, bat baino gehiago albokoaren larru berotasun bila ibiltzeak…
Badu malenkonia puntu bat sasoi honek, poetikoki, bederen. Eta badatoz sabeletik ateratzen diren kezkak, berogailua ezin jartzeak edo zenbatetan jartzearen erabaki zailak, argia piztearen beldurra ezin kontatuzko zenbaki luzeak etorriko diren ziurtasunaz hilabete amaieran… Absurdotik asko duela dirudien hemen eta orainak, gehiegi. Ezin da erreala izan.
Gehiegi ezagutzen ditugun eta mintzen gaituzten datu gutxi batzuk besterik ez. Datuak, eta berekin dakarren errealitateak. Ez ahaztu hau. Irailarekin batera ia 60.000 familiek eskolara sartzeko gastuak ordaintzeko zailtasun larriekin hasi dute ikasturtea, bost haurretik bat pobrezia egoeran dagoelarik; Euskal Herrian 187.400 herritarrek –gehienak emakumeak– alarguntasun pentsioa jasotzen dute, zehatzago hirutik batek baino gehiagok 300 eta 600 euro arteko pentsioa jasotzen dute; 521.400 euskal herritar dira pobrezia edo gizarte bazterketan erortzeko arriskuaren zama bizkar gainean bizi direnak… Argindarraren prezioak egundoko gorenak jo dituen honetan, alokairu librearen –nork izendatu du hala?– prezioa 970 eurokoa den honetan… kalkuluek ez didate ematen. Duintasuna desegiten ari dira.
Absurdotik asko duela dirudien hemen eta orainak, gehiegi. Ezin da erreala izan. Eta errepikatu arren, nekatu arte, gaur egungoa egonkortasuna dela. Lehman Brothers erori denetik hamar urtera, esan, mundu logika hau ezean ez dagoela besterik, sistema honek funtzionatzen duela. Begiratu, seguraski lan gogorrenen akordu diren zimur eta esku horiek dituztenei, begiratu begi berezi horietara, denbora horrek pixu egina dien begi malkoetara, eta esaiezu hori bera.
Zer da bizirautea? Ta zer da bizitza duina izatea? Zer gertatzen ari da gure herrian? Eta berriz bagoaz betikora, bizitza bizigarrien periferietara, mugetara. Ta errepikatuko naz ni neu ere bai, ziur.
Ezkerretik, guretik, absurdotik kanpoko hemen ta orain justoago bat eraiki dezagun, horretatik, lurraldetik, gorputzetatik, bizitzetatik… ekin diezaiogun bakoitzak –eta kolektiboan– norabide horretan. Plastikotan bildutako bizitza prefrabrikatuak salduko dizkigun merkatuaren aurrean, zerumugak marraztu ditzagun, zerumuga (zahar) berriak irudikatu ditzagun, eraiki dezagun gaurdanik bizitza duina(k) erdigunean d(it)uen logika berria(k). Guri dagokigu.