Ekairi omenaldi xume bat egingo dion domunentala grabatu nahi dute, baina berau gauzatzeko dirua behar dutela azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. Ikus-entzunezkoa grabatzeko, grabaketa egiteko materiala alokatzeko eta lanaren bestelako gastuak ordaintzeko, gutxi gorabehera,
2.500 eta 3.000 euro bitartean beharko direla kalkulatu dute. “Lortutako diru laguntzen kopurua handiagoa izango balitz, gainontzeko dirua guztia
Chrysallys Euskal Herria elkartera bideratuko dira”.
Proiektua diruz lagundu nahi dutenek Laboral Kutxan zabaldu duten kontu korrontean egin dezakete euren ekarpena, honako zenbakian: ES36 3035 0021 13 0211108690. “Proiektu eder eta hunkigarri hau bere osotasunean aurrera eramateko Laboral Kutxan kontu bat ireki dugu. Laguntzaileen prestutasuna eskertzeko laguntzaileen izenak
filmaren kredituetan agertuko dira. Hala ere, laguntza anonimoki emateko aukera ere egongo da. Laguntza guztiak, txikiak zein handiak, bihotzez eskertzen ditugu”.
Ekairen agurra, Ondarroan. Argazkia: Ondarroako Udala
Dokumentalak, hain zuzen ere, Ekairen borroka jasoko du ikus-entzunezkoan. Lana egiteaz
Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarra eta Izar films ekoiztetxea arduratuko dira. Eta Ibarrak bere lana musutruk egingo baldin badu ere, dirua alokairua edota lantaldeari ordaintzeko izango dela azaldu du. “Lana ganoraz egin ahal izateko, gutxiengo batzuk behar ditugu”.
Lanari dagokionez, bestalde, proposamena berea izan dela agertu du zinemagile ondarrutarrak. “Dokumentalaren gidoia idatzita nuen, eta horren berri eman nien Elaxarri eta Anari. Ekairena gertatu zenean, hori gehiago ez dela gertatu behar pentsatu nuen. Gaiari bueltak ematen hasi nintzen, eta gidoi bat hasi nintzen idazten. Dena amaitu nuenean, horren berri eman nien gurasoei”.
Diru bilketa aurreko astean abirazi zuten, eta martxa onean doala azaldu dute
Ibarrak aurreratu duenez lanaren titulua
Mi pequeño gran samurai izango da. “Elaxarrek holantxen deitzen dio bere semeari, eta lanari hori titulua ipintzea proposatu nien, eta ondo iruditu zitzaien. Dokumentala, gainera, Elaxar eta Ana gurasoei eskaini nahi diet, eta, batez ere, gaia ikustarazi eta jendea gaiari buruz sentsibilizatu nahi nuke, gehiago horrelakorik gertatu ez dadin”. Grabaketa otsailaren erdialdean egingo dute, asteburu batean. “Otsailaren 16an urteurren omenaldia egingo diote Ekairi Beikozinin, eta hortik abiatuta hasiko dugu grabaketa”.
Diru bilketa aurreko astean abiarazi zuten, eta martxa onean doala azaldu dute. Urte bukaerako erronka beteko dela uste dute Ekairen hurrekoek. “Zenbat-eta gehiago batu hobe izango da. Gainontzeko dirua Chrysallis-era bideratuko da eta”. Dirua lortzeko, gainera, jendea euren borondatez ekimenak egiten hasi da. Tatuajeak, elkartasun gin tonic-ak, edertasun saioak, dendetan itsulapikoak… Askotariko elkartasun ekintzak antolatu dituzte.
Ekai gogoan. Urriaren 13an, Ekaik 17 urte beteko zituen egunean, ostera, ondarrutar gaztea gogoratuko duen monolito bat ipiniko dute Itsasaurre plazan. Ekitaldia 13:00etan egingo da, eta herritarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte Ekairen hurrekoek. “Gure urtebetetze oparia da, eta bide batez, LGTB kolektibo guztiari ere eskaini nahi diogu. Ekitaldian kantautore batek ere abestuko, baina nahi duenak dantza bat egin, bertso bat abestu edo olerki bat irakurri, ongietorria izango da”.