Ikus entzunezkoen arlo ezberdinak landu eta sektorearen barnean lan egiten dutenei protagonismoa emango dien Euskal Zine Bilera indartsuenetako bat iragarri dute gaur [urriak 3], Bilboko Rekalde aretoan egin duten aurkezpen ekitaldian,
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak,
Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak,
Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak eta
Aitor Gametxo 40+1 Euskal Zine Bilerako koordinatzaileak. Zapatuan [urriak 6] hasi eta urriak 12ra bitartean euskal ikus-entzunezko ekitaldiez beteta egongo den agenda aurkeztu dute.
Aitor Gametxo 40+1 Euskal Zine Bilerako koordinatzailea, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria 40+1. Euskal Zine Bileraren aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Euskal Zine Bilera
Telmo Esnal zuzendariaren Dantza filmak emango dio hasiera
Ikusi, entzun, amestu, bizi, erein lelopean ospatuko den
40+1. Euskal Zine Bilerari. Irekiera ekitaldia Loli Astoreka eta Aitor Abaroak aurkeztuko dute, Muntu antzerki taldearen laguntzagaz. Irekiera ekitaldi horretan emango du jaialdiak euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzea helburu duen Begirada saria.
Kimuak programa sarituko dute aurten, «urte askotan euskarazko filmen hedapenean egindako lanagatik». «Filmategiaren 40. urteurrenarekin bat, Kimuak ekimenaren 20. urteurrena ospatu nahi izan dugu sari berezi honekin, atzera begirakoen bidez, figura horien lanak ezagutaraztera emanez» argitu dute.
[Euskal Zine Bilerako EGITARAU OSOA]
Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako
Kameratoia ikus-entzunezko rallya ere asteburuko protagonista izango da. Bigarren bider ospatuko da Lekeitioko EZBren baitan eta lehen asteburua aukeratu dute gazteei zuzendutako 24 orduko lehiaketa egiteko. Domekan [urriak 7], 17:30ean, ikusi ahalko dira emaitzak Ikusgarri aretoan. «Aurten 14 talde arituko dira euskarazko film laburrak ekoizten». Lan guztiak proiektatuko dituzte Ugaitz Alegriak aurkeztutako sari banaketa ekitaldian.
Film ugari. Datorren astelehenetik eguenera [urriak 8-urriak 11] bitartean, film ugari proiektatuko ditu zinema bilerak Ikusgarri aretoan. Alde batetik, EZBko Lehiaketan aukeratutako
20 filmak emango dituzte. Bestalde, Begirada sariarekin omenduko duten Kimuak ekimenaren bitartez, EZBtik igaro diren filmen emanaldi eta solasaldiak eskainiko dituzte; eta azkenik,
Zoom programa pedagogikoaren baitako ekitaldi bi egongo dira.
Aitor Gametxo 40+1 Euskal Zine Bilerako koordinatzailea azalpenak ematen. Argazkia: EZB
40+1. EZBren azken eguna ere jardueraz bete datorrela azaldu dute. «Hasteko, ATZO8 ekimenaren emaitzak ikusten hasi ahalko gara. Alde batetik, Lekeition edota lekeitiarrek filmatutako irudiak bilduko dituen
Lehen Irudiak erakusketa hartuko du Barandiaran aretoak, eta bestalde, Super8 lantegia egingo da egunean zehar». Eta amaitzeko, 40+1. Euskal Zine Bileraren amaiera ekitaldia eta sari banaketa egingo dituzte. Horrela, barikuan [urriak 12], 19:30ean, lehiaketan parte hartu duten film laburren artean
lau sari banatuko dituzte eta Urrezko Antzarra zeinek eramango duen jakingo da. Aurtengo epaimahaia Mikel Zumeta, Itziar Ituño, Eider Eguren eta Maider Oleagak osatuko dute.
[Euskal Zine Bilerako EGITARAU OSOA]