Ibiltariz bete da gaur goizean [urriak 6] Lea Ibilbidea. Zortzigarrenez Lea Ibarreko herriak zeharkatzen dituen ibibideko martxa antolatu du Lea Ibarreko Mankomunazgoak, eta
244 ume, gazte eta helduk aprobetxatu dute lagunartean oinez egiteko aukera. Errepikatu egin dute batzuk, beste batzuentzat ibilbidea egiten zuten lehenengo aldia izan da, baina guztiak pozik ailegatu dira Munitibarko Bengola Interpretazio Zentrura, aukeratutako ibilbidea osatuta.
Lea Ibilbideko Martxako parte hartzaileak Bengolan.
Martxa adin guztietara zabaltzeko helburuz, bi aukera proposatzen dituzte urtero antolatzaileek: ibilbide osoa egitea Mendexatik Munitibarrera arte, edo Aulestitik irten eta Munitibar arteko tartea osatzea.
132 ibiltarik egin dute gaur ibilbide luzea eta
122 animatu dira laburrera.
Mendexako Marierrotatik Munitibarko Bengolara arteko 20,6 kilometroak bizkor egin dituzte batzuk, gehiengoak ostera, 3 eta 4 ordu bitartean behar izan ditu batez beste dena amaitzeko. Bakoitza bere martxan irten eta ailegatu da helmugara. Bidea ondo aurkitu dutela nabarmendu dute gainera, nekeak merezi izan duela gaineratuz.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA]
Aulestiko Errekondo parketik irtenda Munitibarrerainoko 7 kilometroak egiten ere ondo ibili direla azaldu dute gaztetxo batzuk. “Ez da dena aldapa izan”, aitatu dute.
Bidean eduki dituzte hornidura gunea eta iturriak, ibilbideko martxa arintzeko, eta amaieran, zain eduki dute kopaua. Horrela, gogoz asetu dituzte ibiltariek bide luzeak eragindako gose eta egarria. Martxa amaitzeko, gainera, zozketa bat egin dute parte hartzaile guztien artean eta irabazlea
Mirari Arrizabalaga izan da. Zortedunak 100 euroko jatorduaz gozatzeko aukera izango du Lea Ibarreko jatetxe batean.