Esteban Irusta Mallea: 'Belaunaldi likidoak'
Horrela deitzen dio Zigmunt Baumanek (Poznan,Polonia,1925-Leeds,Erresuma Batua,2017) gaur egungo gizarteari. Zergatik deitzen dion horrela, nahiko garbi dago. Likidoa, ontziaren formari egokitzen zaion arabera, modernitatea ere horrela aldentzen dela dio.
Berak erabili zuen «likido» hitza lehen aldiz, gaurko gizartearen mugikortasuna, balioen erlatibotasuna, segurtasun falta, noraezean dabilen, beste ezaugarri batzuen artean, gaurko gizartearen berezitasuna definitzeko. Orain arte gidatu gaituzten betikotasuna, segurtasuna eta balioen sendotasuna atzean gelditzen ari dira. Noraez horretan, bizimodua eta hezkuntza bera ere ezin dira planifikatu epe luzera begira. Ikastetxeetan, bilerak, egunak joan, egunak etorri, etenik gabe egiten dira. Ikasturte osoan proiektu berriak planifikatzen eta beste berriagoez ordezkatzen.
Antzeko zerbait gertatzen da estatu mailan, gobernu berri bat agintzen hasten den bakoitzean. Denek daukate irtenbidea aurreko agintarien akatsak eta okerrak gainditzeko; eta horrela jira-biran dabiltza beti batak besteei ordezkatzen dioten bakoitzean. Urruti gelditzen dira betirako zirela zirudien lege eta porterak. Tradizioek indar handia zuten; herri bakoitzaren bizimoduak aurrekoen modukoa izan behar zuela uste zen, aldaezina.
Auto, tren eta hegazkin gabeko garaietatik gatoz. Aldaketa gutxiko sasoiak ziren. Gaur egun, berriz, prisaka gabiltza, bizimoduak aldakorrak dira. Jendea munduko alde batetik bestera dabil lana edo oporrak direla eta. Gero eta zailagoa gertatzen da betiko bizimodua egitea. Eta bizitzako baldintza barri hauek, ondorioz pertsonen eta herrien nortasuna, izaera, pentsaera eta mentalitatearen aldaketak dakartzate.
Agintari batzuen aldetik, «betiko» ideia horiek baztertzeko, ezabatzeko ez dute arrakastarik izan, huts egin dute, porrot egin dute. Zerbaitengatik iraun dute hainbeste urtetan, eta ezin da ukatu gizadiaren bizitzan ikaragarrizko eragina izan dutela
Inguruak garrantzi handia dauka gure bizitzan, eta ingurua aldatzen ari da. Gizadiak, milaka urtetan, geure garaietara arte, ideia sendotan oinarritzen zuen bere bizitza. Ideia horiek, gehienetan, erlijioren batean zuten oinarria, bere euskarria.
Historian izan diren ahaleginak, agintari batzuen aldetik, «betiko» ideia horiek baztertzeko, ezabatzeko ez dute arrakastarik izan, huts egin dute, porrot egin dute. Zerbaitengatik iraun dute hainbeste urtetan, eta ezin da ukatu gizadiaren bizitzan ikaragarrizko eragina izan dutela. Ideia horiek bere jardueretan, bere ekintzetan, beti egon dira lehenengo ilaran, lehenengo lerroan.
Pintore, eskultore, arkitekto, musikari, historia osoan izan diren artista handienak ideia horietan inspiratu dira, gaur egun arte hainbeste miresten ditugun bere lan bikainak sortzeko.
Bizi ditugun garaiak ez dira mundu espiritual horren aldekoak. Alderantziz, badirudi kontrako ideiak nagusitzen ari direla, eta gainera bizitzaren alde hori, berriz ere ezabatu edo gutxienez ezkutatu beharraren aldekoak.
Baina badagoz, baita, eta ez gutxi, erdi ezkutuan dagoen mundu hori, ideia sendoak, gure bizitzako ideia gidariak faltan botatzen dituztenak. Historia errepikatzen da, behin eta berriz.