Bukatu berri dugun irailean, ekainetik hona ikastetxe ezberdinetan egosten joan den menua mahairatu da. Ikasketa plana, ordutegien egokitzea, baxak, altak, erretiratzeak, jantokia, kuotak, eskolaz kanpoko ekintzak eta kirolak, hizkuntza eskaintzak, azken orduko berriztatze lanak zein begiraleen plangintza. Mila eta bat, edo bi gauza. Zoramena. Lan demasa. Goraipagarria!
Urteroko erronka horren buru aritu dira irakasle, zuzendari, administrari, diruzain, bestelako langile, guraso elkarte eta eskolaz kanpotik zerbitzua eskaintzen duten profesional zein enpresak. Gau eta egun. Jo eta su. Joan den urteko gabeziak hobetu eta bertuteak indartuz. Bezeroei, seme alabei, guri alegia, zerbitzurik eta onena eskaini nahian. Izugarria. Txalotzekoa! Izan ere, guraso, irakasle, ikasle eta beste zenbaitzuen eskaerak maneiatu eta, arrunt deritzogun hori produktu on baten bihurtzea, tamainako lorpena delako. Enpresa pribatu zein publiko askok nahiko luketen fenomeno askoren izerdiari esker lortzen den menua.
Behin da berriz, urtez-urte egoki funtzionatu behar duen makinaria horren barne, aldaketak ematen dira. Borondate handiko, ilusioz gainezka langile edo guraso berri batzuk sartzen dira. Erretiroan, aparteko lana burutu duten pertsonak ere badoaz. Horren artean, nola ez, zu zaude Bego Zabaleta. Gora zu! Eskerrik asko zure ikastola eta herriaren alde bultzatutako asmo on guztiengatik.
Halere, makinaria pisutsu honen mekanismoa arinduko lukeen lubrikantea falta da. Diru laguntza, aurrekontu eta plangintza orokorrez haratago doana. 2.000 ikasletik gora, 1.000 familia baino gehiago eta 5 ikastetxe biltzen dituen makroenpresa izanda, herri erakunde publikoen laguntza izan baino burutzeke dauden zenbait proiektu jorratzeko, eskutik lana egin beharra baitago.
Ikastetxe ezberdinen lan karga eta buru hauste batzuk arinduko lirateke. Gainera, diru publikoz altxatzen diren kantxak amortizatzen lagunduko luke
Baina, zergatik? Zertarako? Bi adibide bakarrik:
Bat. Eskola eta ikastolen bizia, sua mantendu eta indartzeko. Eta bide batez, herriko zenbait klubei belarri ondokoa emanda, elkar adostutako adin jakin bat arte (12 urte arte nire ustez) umeei beraien klubetan kirola egiteko aukera luzatu behar ez dela ohartarazteko. Askoz hobe legokeelako praktika horiek, beraien profesionalen eskutik izan behar bada ere, ikastetxetan egitea. Horrela, bide batez, ikastetxe ezberdinen lan karga eta buru hauste batzuk arinduko lirateke. Gainera, diru publikoz altxatzen diren kantxak amortizatzen lagunduko luke. Bukatzeko, gurasoentzako, handik hona ibili beharrean, erosoagoa izango litzateke.
Bi. Herriarentzat hain mesedegarri diren Eskola bidea, Gurasoen Eskola edo Jantokien proiektu iraultzaileak herriaren DNAn errotzeko. Kardinalak, ezinbestekoak dira. Horregatik, Udalak honen lidergoa bereganatu, bultzatu eta urteko aurrekontuetan sartu beharko lituzke. Horrela, ikastetxeen ordez herri osoak irabazten baitu. Denok garaile.
Urteroko menuak beraz, herri erakunde publikoen gatza behar du. Zuen zain gaude.