Energia berriztagarrien alde egindako lana aitortu diete Lea-Artibaiko udal guztiei

Trantsizio energetikoa. Energia berriztagarriak. Aditu zein politikari askoren ahotan aldiro-aldiro entzuten diren berbak dira. Eta egunerokotasunean gero-eta nabariagoak dira.

Energiaren Euskal Erakundeak energia berriztagarrien alde egindako apustua eta ahalegina aitortu diete Lea-Artibaiko eta Busturialdeko 32 udalei. Goi mailako energia politikak lortzeko, energia berriztagarriengandik %100ean energia lortzeko proiektu txikiak gauzatzea ezinbestekoak direla uste dute aipatu erakundeko kideek. “Horretan udalek eta mankomunitateek sekulako partea dute”, esan du Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiak.

Aitorpenaz gain, proiektu berriak bultzatzen dituztela gogora ekarri du. Horretarako, diru laguntzak emateaz gain, martxan dauden proiektuak ezagutzera emateko garrantzia aitatu du.

eguzkiplakak

Eguzki plakak frontoiko teilatuan dauzkate.

Eraikin eta eremu publikoetan (kiroldegi, frontoi, udaletxe, kultur etxe, kaleko argiterietan) oraindik ere zeregin handia dagoela uste du. “Denok dihardugu zer edo zer egiten; argiteria aldatzen, adibidez”.

2011tik egindako lana aitortzea oso garrantzitsua dela uste du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak. Energia berriztagarrien alde egindako lanaz gain, efizientzia energetikoan egindakoa gogoratu du.

Ispaster eredugarri. Barrizar Energia Zerbitzua kooperatibak kudeatzen du proiektua. “Erakutsi gura dugu posible dela gehiago ordaindu barik, gure energia kudeatzea”, dio Iñaki Gaztelu Barrizar kooperatibako kideak. Egindako lanak ikusteko baterien eta galderen gelak bisitatu zituzten barikuan, eta proiektuaren arlo teknikoaren arduraduna den Gazteluk azalpenak eman zituen.

Ispasterko Udalak sustatutako District heating proiektuak osatzen duen eraztunari esker, herriko eraikin publikoei zerbitzua ematen diete. Instalazioak biomasa galdara bat eta eguzki-energia termikoa eta fotoboltaikoa ditu energia-iturritzat, eta ur beroa, berokuntza eta elektrizitatea hornitzen ditu.

Eguzki instalazioetarako egokiak diren estalkien 1.000 metro karratu ditu Ispasterrek, eta urtean basoko hondakin biomasaren 1.200 tona lortzeko aukera dauka. Potentzial hori oinarritzat hartuta, energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute energetikoki autohornitzeko eta kontsumoan prezio egonkor bat lortzeko.

Iñaki Gaztelu (Barrizar): “Erakutsi gura dugu posible dela gehiago ordaindu barik gure energia kudeatzea”

Etorkizun hurbilean kanpoko kontratu energetikorik ez izatea da udalaren asmoa, eta eraikin publikoetarako ur beroa, berokuntza eta elektrizitatea hornitzeko beharrezkoa den energia guztia saretik lortzea. Gaur egun, %75 gainditzen du tokiko energia berriztagarriaren kopuruak mikro sarearen kontsumo guztietan. “Gainera, Energia Berde Ziurtatutakoak dira kanpo kontratuak”.

barrizar

Iñaki Gaztelu Barrizar Energia Zerbitzuko kidea azalpenak ematen.

Sarean sartzea eskatu dute inguruko dozena bat etxebizitza pribatuk, eta zelan egin aztertzen ari da udala. Izan ere, sistema modularki diseinatu zuten Elexalde auzoaren erdia baino gehiago energiaz hornitzeko, eta etorkizunean auzo osoa hornitzeko aukera aurreikusita dute.

Ispasterko alkateak orain duten District Heating proiektua gauzatzea zelan lortu duten azaldu zuen. Lehen pausoa energia auditoria bat egitea izan zen, zituzten beharrizanak zeintzuk ziren ikusteko. Jarraian, led teknologia jarri zuten argiterian. “Gero, sare txiki honekin hasi ginen. Galdara gela egin, eta eskolan ur beroaren konexioa jarri genuen. Laugarren fasean eraztuna hornitzen hasi ginen”.

Eskolak, haurtzaindegiak, eskola jantokiak, psikomotrizitate gelak, ludotekak, hirugarren adinekoen lokalak, Herriko Tabernak, udaletxeak, kultur etxeak eta frontoiak osatzen dute aipatu eraztuna. Hain zuzen, frontoiaren teilatuan daude eguzki-plakak. Eguzkiaren energia aprobetxatzeko, fotoboltaikoak eta termikoak jarri zituzten.

Eraginkortasun energetikoa lortzeko, hainbat neurri hartu dituzte. Areitz-Bi frontoian, bero berreskuragailu bidezko aireztapena eta isolamendua jarri dituzte, eta udal kiroldegian aireztapen mistoa (Venturi-bortxatua). Kultur etxea kontsumo oso txikiekin eta tokiko energia berriztagarriekin elikatzea lortu dute, eta eskolan isolamendu termikoko sistema daukate, kortxo naturala eta kare mortero transpirablea erabiliz. “Esan ahal dugu eraikin batzuetan autonomoak garela”. Hain zuzen ere, estaldurari dagokionez, hamabi kontsumo puntu termiko eta hamar kontsumo puntu elektriko hartzen ditu sareak.

Iñigo Ansola (EEE): “Helburua da energia berriztagarriengandik %100eko energia sortzea”

Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiak Ispasterko Udala zoriondu zuen, “hasieratik halako proiektu honen garrantzia ikusteagatik”.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eredu bakarrenetarikoa da Ispaster. Biomasa, eguzki termikoa, eguzki fotoboltaikoa dira bertako energia iturriak, eta biltegiratzeko sistema aurreratua daukate. Trantsizio energetiko batean sartuta eta erregai fosiletatik berriztagarrietarako bidean murgilduta gaudela gogora ekarri zuen: “Azken helburua litzateke energia berriztagarriengandik %100ean energia sortzea. Bide luze bat izango da, baina denok argi daukagu iparra zein izan behar den”.

Horretan teknologiak asko lagundu duela zehaztu zuen Ansolak. Sortzen edota lortzen den energia zelan biltegiratzen den jarri zuen adibidetzat. “Teknologia benetan garatzen denean, denok bizi izango dugu iraultza handi bat”. Teknologiak egon arren, oraindik ere pauso handi bat geratzen dela esan zuen.

Jakituriagaz laguntzen. Energiaren Euskal Erakundeak 35 urte bete ditu. “Teknikari kopurua zein urteetan bildutako jakinduria oso garrantzitsuak dira. EEE prest dago, eta bere beharrizana da jakituria hori tokian tokiko agintariei helaraztea eta laguntzea”.

Espainiako Ministroen Kontseiluak autokontsumorako onartu berri duen araudiaz mintzatu zen: “Espainiako araudiaren menpe gaude. Azken urteetan egon diren trabak gaindituko dira. Hemendik aurrera edozein proiektu planteatzean, ez dira orain arte egon diren beste oztopo egongo; ateak zabalduko dira”. Gaur egun energia berriztagarriak %14 direla azaldu zuen.

Europako Batasunak 2030erako bataz besteko %32ra iristeko helburua jarri du. “Denok dakigu zelako mugak ditugun, baina horiek aukera bilakatu behar dira. Biomasan, esate baterako, gure erkidegoan sekulako potentziala daukagu. Aprobetxatu dezagun; hasi gaitezen hortik”.

Energiaren Euskal Erakundeak Energiaren Bidea izeneko identifikazio marka abiarazi du. 2030eko Euskadiko Estrategia Energetikoaren helburuak lortzea eta trantzisio energetikoa garatzea laguntzen duten ekimenak hartuko ditu, “bai administrazioatik bai eta kolaborazio publiko-pribatutik sortutakoak ere”. Esan dutenez, inguruko herrialde garatuak erronka horretan murgilduta daude, “karbonizazio baxuko eredu energetiko baten mesedetan”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend