Klik eginda atzematen denaren isla

III. Photoka argazki lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai daude kultur etxean. Gai librean ateratakoak zein Urdaibaigaz lotura duten argazkiak ikus daitezke eguaztenera bitartean.

Lehiaketek izaten dute bere xarma: nork irabaziko duenaren ezjakintasunak lortzen du parte hartzaile eta ingurukoen arreta; lortzen du norbere barruko erronka betetzea ala ez. Gaitasunei lotuta egoten da sarritan irabazlearen saria, eta zoriaren esku izaten dela uste dute beste askok. Merezitako sariak izaten dira batzuentzat, eta kontrakoak, aldiz, beste batzuentzat. Baina, azkenean, bakarra edo gutxi batzuk izaten dira sari bitartez beraien lanaren aitorpena jasotzen dutenak.

Saririk ez, baina aitorpena jasotzen dute irabazle suertatu ez direnek ere: direla aldamenekoaren berba politak, dela bateko edo besteko komunikabideetan argitaratu dutela...

III. Photoka argazki lehiaketara aurkeztutako lanek, esaterako, jaso dute beraiena. Epaimahaiaren ustez onenak direnak saritu dituzte, eta saririk jaso ez arren, erakusketa batean bildu dituzte beste hainbat. Aurten, 200 lan baino gehiago aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horietatik 22 kultur etxeko erakusketa aretoko hormetan zintzilik jarri dituzte. Gainontzeko lanak ere ikus daitezke areto berean, bideo formatuan.

Photoka Gernika-Lumoko argazkilaritza elkarteak 2016. urtean antolatu zuen lehenengoz aipatu lehiaketa. Orduan egin bezala, aurten ere kategoria bitan banatu dute: gai librea izan dabatetik, eta Urdaibai izan dute gaitzat, bestetik.

Gai librean, Narciso Vilaren Tres bufa lanak jaso du irabazlearen saria; Javier Pedro Fernandezen La revolution lanak, berriz, bigarrena, eta Angel Henaresen Trabajando el carbon IV lanak hirugarrena. Urdaibai gaitzat izan duen kategorian, aldiz, Joseba Morenoren Laga planet hautatu dute irabazle; Aitor Aranaren Xixili bigarren saridun eta Iñaki Unamunoren Sugea hirugarren onena bezala.

Hango eta hemengo paisaiak, pertsonak zereginen batean, kirolean, hondartzak, natura, begiradak... Askotarikoak islatu eta bildu dituzte beraien lanetan aurtengo parte hartzaileek.

Maila handia

Askotan, zaila izaten da begien bitartez ikusitakoa kontatzea. Eta horretarako baliabide dira, esaterako, argazkiak. Kamera atzean dagoenak klik egin, eta adierazi nahi duena atzematen du, argazkia ikusten ari denari aurretik objektiboagaz harrapatutakoaz gozarazteko aukera emanez. Argazkia esku artean daukana izango da orduan objektua modu batera edo bestera ikusiko duena, gehiago edo gutxiago txundiko duena, gustukoa izango duena, edo ez hain gustukoa. Lanen maila, behintzat, «handia» izan dela ziurtatu dute kultur etxean. Erakusketara doanaren begi eta begiradaren araberakoa izango da bakoitzaren irabazlea.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend