Santa Katalina ibilbidetik Eluntzetara dagoen GR-123 ibilbideak kezka eragin du azken astean lekeitiar askoren artean. Lehen Maderas de Lekeitio zenaren ondoan dagoen bidetik oinezkoak igarotzea debekatu egin dutela zabaldu da herritarren artean, eta handik igaro ohi diren ibiltarien artean ardura eragin du albisteak.
HITZAk jakin ahal izan duenez, momentu honetan
GR-123 ibilbidea zabalik dago, eta handik ezelako arazorik barik igaro daiteke, beti bezala. Hori baino gehiago, Lekeitioko Udalak ibilbidea garbitu eta belarra moztu du oinezkoen pasabidea errazteko.
Debekatuta dagoena Maderas de Lekeitio izandako enpresa barrutik igarotzea da. Izan ere, eremu hori pribatua da, eta gune horrek daukan egoeragatik bertatik igarotzeak sortzen duen arriskua ekiditeko, ibiltariei sarbidea debekatu eta zaintzaileak jarri dituzte jabeek.
Eluntzetara joateko pasabidearen seinalea.
Gaur egun Caixak dauka enpresa jabetzan, eta, dirudienez, segurtasuna bermatu nahirik, inguru guztia zarratu zuten hasiera batean. Baina Lekeitiko Udalak jakitera eman duenez, Maderas de Lekeitio bide eremuan dagoen
GR-123 bidea zorbidea da, eta bide hori zabaltzea eskatu zion Caixari, eta berehala bete zuten eskaria.
Errekerimendua. Horrez gain, udalak errekerimendu bat ere egin dio Caixari, eremu horretan segurtasun neurriak betetzen ez direla-eta neurri batzuk hartzea eskatuz. «Ingeniari bat hartu genuen, eta txosten batzuk egin ditugu Maderas de Lekeitio zelan dagoen jakiteko. Eraikin bakoitza zelan dagoen ikusi eta jendearen segurtasuna bermatzeko ze neurri hartu behar diren ezagutzeko», azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Gunea
oso arriskutsu dagoela ikusi dute. «Oraindik egurra dago, sua eman zioten azkenengo, berriz sua eman ahal diote, Otoioko pinudia ere hor dago… eta, beraz, neurriak hartzea exijitu diogu».
Debekatuta dagoen sarbidea.
Alkateak esan duenez, apirilean Maderas de Lekeition gertatu zen suteari buruzko suhiltzaileen txostena heldu zitzaienean jarri zen udala martxan. «Txostenean dionez, eraikinak oso egoera txarrean daude. Sua hartu zuen pabiloia esate baterako, kolapsatuta dago, eta horrek esan nahi du edozein momentutan erori egin daitekeela».
Caixa eremu guztia hesi bategaz zarratzea pentsatzen dabilela ere aurreratu du Goitiak, “baina horretarako
proiektu bat aurkeztu behar dute”, eta bitartean, zinpeko zaintzaileak jarri dituzte.
Maderas de Lekeitio enpresak
urteak daramatza itxita, zehatz esanda, 2012ko urte hasieratik. Enpresa batek erosi zuen, baina zorren trukean kutxa bat egin zen bere jabe. Caixak bereganatu zuen gero kutxa hori.