Mutriku-Deba errepidearen xehetasunei buruzko agerraldia egingo dute Mutrikun
Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidea hobetzeko lanen proiektua abian da. Hasieran, lanak udazken aldera hastekoak baziren ere, tartean sortutako tramitazio gorabeherek, ezinbesteak, lizitazioa eta, ondorioz, lanen hasiera ere atzeratu egin dute. “Herritarrak behar bezala informatuak egon daitezen”, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuko arduradunak Mutrikura hurbilduko dira atzerapenaren arrazoiak eta lanei buruzko xehetasunak ematera.
Agerraldia eguenean [urriak 18] egingo dute, 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Eta Mutrikuko udal ordezkariek jakitera eman dutenez, azken aldaketarik ezean, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru diputatua eta Silvia Perez Errepideetako zuzendari nagusia etorriko dira Mutrikura. Proiektuan interesa duten guztiak gonbidatuta daude agerraldira.
GI-638 errepidearen proiektuak aldi luze batean errepidea zirkulaziorako ixtea aurreikusten du, Ondarbeltz hondartza eta Mutrikurako sarbidearen artean. Lanek herri bietako herritarren joan-etorrietan eragingo baldin badu ere, Larangako auzotarren egunerokoan izango dute eraginik-eta handiena. Auzotarrek, horrenbestez, agerraldira joateko deia egin diete herritarrei. “Garrantzitsua da gure aldetik jendea bertaratzea. Animatu zaitezte eta ahal duzuen guztiok agertu”.