EA eta EAJ koalizioan aurkeztuko dira 2019ko udal hauteskundeetan
Azken agintaldian hasi dituzten eta epe laburrean abian jarriko diren proiektuen «martxa ona» ikusita eta orain arteko lana baloratu ondoren, Euzko Abertzaleak eta Euzko Alderdi Jeltzalea koalizioan aurkeztuko dira 2019ko udal hauteskundeetara Gernik...
Bi alderdietako uri batzarrek «oso ondo» baloratu dute udalaren oraingo eta etorkizuneko kudeaketari buruz gobernukideek izan duten adostasuna.
Herriaren bizitza sozioekonomikoari eta garapenari bultzada eman diotela esan dute, eta horrez gain, politikarien artean daukaten kohesioa azpimarratu gura izan dute: «Gaur egungo gobernu koalizioari eusteko orduan aintzat hartu dugu gure arteko kohesioa, bai eta ere elkarren artean sortu den egonkortasuna eta kudeaketa irizpideetan eman den adostasuna».
EA-EAJ koaliziokideen berbetan, bien artean eratutako udal gobernuaren «egonkortasunak» ahalbidetu du udalerriaren garapen sozioekonomikoari lagundu dioten hainbat proiektu martxan jartzea.
Besteren artean, La Vegako elkartegia, Pasealekuaren birmoldaketa, posta bulegoaren parean egingo duten oinezkoentzako pasabidea, zaraten aurkako ordenantza idazteko prozesua hastea eta Merkatu Plaza birmoldatzeko lanak nabarmendu dituzte.
Lan jardun nagusiak
Proiektu horiek guztiak beraiek orain lau urte aukeztutako hauteskunde egitasmoa «osorik» betetzeko urratsak emateko adibide bezala aurkeztu dituzte.
Beste alde batetik, Gernika-Lumoko HAPO berria idazteko prozesuan lanean ari direla jakinarazi du koalizioak; eta hori ezeze, etorkizunerako udal «modernoa» eraikitzeko oinarriak diseinatzen ari direla azaldu du. Merkataritzan, herriko merkatariei eman beharreko babesa eman dietela azaldu du, «herriko ekonomiaren dinamizatzaileak direlako».
Bizitza kulturala ere bultzatu gura dutela adierazi dute. Izan ere, kultur programazioaren dinamizazioa eta bonbardaketaren urteurrena bezalako ekitaldiak, azkena udalez gaindiko ekitaldia bada ere, koalizio gobernuaren helburu nagusienetarikoak direla zehaztu dute bi taldeetako arduradunek: «Gernika-Lumoko udal gobernua buru-belarri ari da herriaren sustrai historikoen garrantzia azpimarratzen eta Gernika marka finkatzen, gure nortasun ikur unibertsala delarik».