Enpresa berriak sustatzeko diru laguntzak banatuko ditu Mutrikuko Udalak

Udal iturriek jakitera eman duenez, bi dira enpresa berriak ireki dituzten ekintzaileei zuzenduriko diru laguntzak. Bata, sektore guztietan egon daitezkeen negozio berriak martxan jartzeko laguntzeko ekimena da, zeinak, batez ere, lanpostu berriak laguntzen dituen diruz, eta, bestea, merkataritzari zuzenduriko laguntza bat da, merkataritza gunean dauden lokaletan ezartzen diren enpresa berriei zuzendua.

Mutrikulan 2018 deritzon diru laguntzak enplegu sorrera eta enpresa ekimenen garapena bultzatzea du helburu. “Mutriku 2022 Plan Estrategikoa dokumentuan zehaztutako estrategian baitan kokatzen da laguntza lerro hori. Planeko helburuek eta estrategiek tokiko garapena bultzatzearen alde egiten dute; batez ere, lehenengo sektorearen bitartez eta hirugarren sektorearen bitartez”.

Mutrikuko Erdikokale kalea

Mutrikuko Erdikokale

Diru laguntzak, gainera, aniztasun funtzionala duten eta gizarte baztertze arriskuan daudenen enplegu sustapena ere bultzatzen du. Diru laguntza horien bidez araututako neurrien garapen ondoko programen bidez gauzatuko da: enpresa proiektu berrien sustapena, enpleguaren sustapena eta aniztasun funtzionala dutenen enplegu sustapena.

Aldi berean, Mutrikuko inguru komertzialean dauden lokal hutsak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko diru laguntzak ere emango dira, ekonomia berreskuratu eta indarberritzeko. Eta horretarako, jarduera eta ekimen berriak ezarri nahi dira, “horien bidez pertsonen joan-etorria sortzeko eta eremu horiei bizia emateko”.

Mutrikuko merkataritza biziberritzeko plan bereziako (MBPB) jarraituz eginiko merkatal eskaintzaren eta lokal hutsen analisia eta kale ezberdinak merkataritza jarduera orokorrarentzat duten lehentasunari jarraituz, Alde Zaharreko hainbat kaletan (Txurruka Plaza, Erdikokale, Beheko Plaza, Modesto Txurruka, Barrenkale eta Atxitxin Aldapa) kokatutako lokalak alokatzen dituzten enpresek eskatu ahal izango dute laguntza.

Txikizkako merkataritza, pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak eta balio eta kalitate erantsia duten ostalaritza ekimenek eskatu ahal izango dute laguntza

Herriko beste guneetan negozio berri bat irekitzen dutenek Mutrikulan 2018ko dirulaguntzan azaltzen den laguntza lerroa erabili ahal izango dute, “horrek ere aurreikusten baitu alokairuari laguntzeko bide bat”.

Laguntza eskatu ahal izango duten jarduera motak ondorengoak izango dira: txikizkako merkataritza, pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak eta balio eta kalitate erantsia duten ostalaritza ekimenak.

Esleipenerako hainbat irizpide erabiliko dira, eta irizpide horien arabera, puntuaketa bat lortuko da. “Horren bidez mugatuko da dirulaguntza kopurua”. Puntuatuko diren irizpideak ondorengoak izango dira: originaltasuna, berrikuntza, eginiko inbertsioa, sortutako lanpostuak, BERTAN elkarteko kide izatea eta proiektuak Euskararekiko betetzen dituen irizpideak.

Eskaerak, berriz, Mutrikuko udal erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira jendaurreko ordutegian, 09:00etatik 14:00etara. Mutrikulan 2018rako eskariak urriaren 31era arte aurkez daitezke eta inguru komertzialean dauden lokal hutsetarakoak, berriz, azaroak 22ra arte eska daitezke. Oinarriak eta eskari orria Mutrikuko udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend