609 pertsonak eman dute izena XIII. Ermitarik Ermita martxarako
Aulestiarrek hamahirugarren urtez egingo dute Ermitarik Ermita mendi martxa. Zapaturako jarri dute hitzordua, eta aldez aurretik 609 pertsonak izena eman dute. Egunean bertan ere plazan izena eman ahal izango da, baina orduan izena ematen dutenek ez da...
Naturaz gozatuz herriko ondarearen parte garrantzitsu bat ezagutzeko aukera eskaintzen du ibilaldiak. Izan ere, leku hauetan dauden 11 baselizetatik egiten dute martxa: San Anton, Santutxu, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Elizatxu. Horiek lotzen ditu 25 kilometro dituen ibilbide luzeak. Hark baino lau bat kilometro gehiago ditu Ilunzar mendiraino doan ibilbide bereziak. Hala ere, umeekin egiteko aproposagoa den 10 km-ko ibilaldia ere badago aukeran.
Ibilbide luzeko zein bereziko parte hartzaileak 08:00etan irtengo dira herriko plazatik. 25 km-koa bost ordu eta erdian egin ohi dute, eta berezia egiteko, ordubete gehiago behar izaten dute. Martxa laburrena hiru bat ordutan egiteko modukoa da; 10:30ean irtengo dira parketik.
Ibilbidean janariz eta edariz hornitutako hiru gune egongo dira: Urregaraiko zelaian, Garatxagan (San Paulo) eta Lekerikan. Bukaeran, kopaua izango dute herriko plazan (eskumuturrekoa erakustea beharrezkoa izango da).
Aurrekoetan modura, zenbait jakinarazpen egin dituzte: gosaltzeko tabernak zabalik egongo dira, aparkalekuak zehaztu egingo dituzte, ezin da txakurrik eroan, eta dutxatzeko aukera egongo da amaieran.