Enpresa berriak sustatzeko laguntzak emango dituzte
Guztira bi diru laguntza emango ditu Mutrikuko Udalak. Batetik, tokiko garapena bultzatu nahi dute, eta, bestetik, Alde Zaharra biziberritu nahi duteEnpresa berriak ireki dituzten ekintzaileei zuzenduriko diru laguntzak emango ditu Mutrikuko Udalak. Ud...
Guztira bi diru laguntza emango ditu Mutrikuko Udalak. Batetik, tokiko garapena bultzatu nahi dute, eta, bestetik, Alde Zaharra biziberritu nahi dute
Enpresa berriak ireki dituzten ekintzaileei zuzenduriko diru laguntzak emango ditu Mutrikuko Udalak. Udal iturriek jakitera eman dutenez, bi laguntza emango dira. Bata, sektore guztietan egon daitezkeen negozio berriak martxan jartzeko laguntzeko ekimena da, zeinak, batez ere, lanpostu berriak laguntzen dituen diruz, eta, bestea, merkataritzari zuzenduriko laguntza bat da, merkataritza gunean dauden lokaletan ezartzen diren enpresa berriei zuzendua.Mutrikulan 2018 deritzon diru laguntzak, esaterako, enplegu sorrera eta enpresa ekimenen garapena bultzatzea du helburu. «Mutriku 2022 Plan Estrategikoa dokumentuan zehaztutako estrategian baitan kokatzen da laguntza lerro hori. Planeko helburuek eta estrategiek tokiko garapena bultzatzearen alde egiten dute; batez ere, lehenengo sektorearen bitartez eta hirugarren sektorearen bitartez».
Diru laguntzak, gainera, aniztasun funtzionala duten eta gizarte baztertze arriskuan daudenen enplegu sustapena ere bultzatzen du.
Erregistro orokorrean
Aldi berean, Mutrikuko inguru komertzialean dauden lokal hutsak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko diru laguntzak ere emango dira, ekonomia berreskuratu eta indarberritzeko. Eta horretarako, jarduera eta ekimen berriak ezarri nahi dira, «horien bidez pertsonen joan-etorria sortzeko eta eremu horiei bizia emateko».
Alde Zaharreko hainbat kaletan (Txurruka Plaza, Erdikokale, Beheko Plaza, Modesto Txurruka, Barrenkale eta Atxitxin Aldapa) kokatutako lokalak alokatzen dituzten enpresek eskatu ahal izango dute laguntza.
Herriko beste guneetan negozio berri bat irekitzen dutenek, aldiz, Mutrikulan 2018ko diru laguntzan azaltzen den laguntza lerroa erabili ahal izango dute.
Eskaerak, berriz, udal erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira jendaurreko ordutegian, 09:00etatik 14:00etara. Mutrikulan 2018rako eskariak urriaren 31era arte aurkez daitezke, eta inguru komertzialean dauden lokal hutsetarakoak, berriz, azaroak 22ra arte eska daitezke. Diru laguntzei buruzko argibide gehiago, oinarriak eta eskari orria udalaren webgunean (www.mutriku.eus) kontsultatu daitezke.