Irakurleen Txokoa «irakurzaletasuna sustatzera» dator beste urte batez
Gaur emango diote hasiera Arrate Egaña idazleak dinamizatuko duen ekimenari. Parte hartzaileek euskaraz idatzitako lanak irakurri eta aztertuko dituzteBermeoko Udal Liburutegiak eta Euskara Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoa gaur hasiko da mart...
Gaur emango diote hasiera Arrate Egaña idazleak dinamizatuko duen ekimenari. Parte hartzaileek euskaraz idatzitako lanak irakurri eta aztertuko dituzte
Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskara Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoa gaur hasiko da martxan. Beste urte batez, Arrate Egaña idazlea izango da txokoaren dinamizatzailea.Antolatzaileen azaldu dutenez, Irakurle Txokoaren helburuak «literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, gustura egotea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea» dira.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Euskara zinegotziak, Maite Alvarez Euskara teknikariak eta Arrate Egañak berak aurkeztu dute egitasmoa. Agirrek gogoratu duenez, «txokoaren bitartez, hilabetean behin, interesa daukaten pertsonak biltzen dira, eta euskaraz idatzitako liburu bati buruz hitz egiten dute».
Gaurtik hasita, beraz, irakurleen taldea hilabetero hileko hirugarren eguenean batuko da, eta aipatutako saioak 18:30etik 20:00etara bitartean egingo dituzte.
Irakurleen Txokoaren ibilbidea 2011n hasi zela gogoratu du Alvarezek, eta partaideak ikasturteka batu izan direla. «Egonkortasuna lortu duen ekimena dela esan dezakegu; izan ere, urtero 15-20 pertsonako taldea osatzen dugu, eta ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta haiei buruz berba egiten dugu. Irakurle Txokoan parte hartu gura duenak liburutegira hurreratzea dauka, bertan izena eman eta hurrengo hilerako liburua hartu, hori baino besterik ez, parte hartzea librea eta doakoa delako».
Solasaldiak idazleekin
Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten dituztela gogoratu dute, «idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitute».
Egañak, bere aldetik, txokoaren ikasturte berriari hasiera emateko «ilusioz eta gogoz» dagoela zehaztu du. Izan ere, iazko esperientzia «guztiz positiboa» izan zen; taldean «giro ezin hobea» izan zutela azaldu du, eta kideen parte hartzea azpimarratzekoa izan zela.