Galerna Taldeko kideek estropada bat antolatu dute biharko
Bermeoko Galerna Taldeak, beste urte batez, Gaviota Gas Biltegiari bira emateko estropada antolatu du. Estropada berezi hori egiten duten hirugarren aldia dela adierazi dute taldeko arduradunek, eta «gogo handiz» daude berriz ere belaontzietan Bermeo...
Bihar egingo dute kirol proba, eta zehaztu dutenez, dagoeneko hamabost belaontzitan joango diren 40 marinelek eman dute estropadan parte hartzeko izena. Horrela, mota guztietako belaontziak irtengo dira Bermeoko portutik: jarleku bakarra daukaten belaontzi txikiek edota hamar edo hamabi metroko luzera daukaten belaontziek parte hartuko dute.
Goizetik emango diote hasiera egunari. 10:00etan batuko direla azaldu dute taldekoek, batera gosaldu eta estropadaren ibilbideari eta parte hartzaileen irteera ordenari buruzko xehetasunak azaltzeko. Horren ostean, porturantz abiatuko dira, eta kai muturretik hasiko dira ontziak irteten. Eguraldiaren eta haizearen arabera hasiko dute estropada. Ibilbideari dagokionez, berriz, gas biltegiari bira eman eta portura itzuli beharko dira parte hartzaileak.
Ondo pasatzeko estropada
Taldekoek argi utzi nahi izan dute estropadari lasterketa itxura ematen dioten arren, «txiki eta nagusiek ondo pasatzeko eta belaren mundua ezagutzeko aukera bezala» antolatzen dutela ekimena. Proba bukatu ostean hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Eta ondoren, Gaztelupe tabernarantz abiatuko dira bazkaltzera, egunari bukaera ezin hobea eman asmoz.
Arduradunen berbetan, «taldeko zein kanpoko pertsonek daukate parte hartzeko aukera». Beraz, interesatuta dagoenari galernataldea@gmail.com helbidera edota Galerna Taldearen Facebook-aren bidez izena ematera animatu nahi izan dituzte.