Misterioz eta musikaz betetako gaua
bIDEhUTS gaua ospatuko dute bihar, Astran. Autogestioan oinarritutako musika zigilua da plataforma, eta ospakizuna elkarregaz ondo pasatzeko aukera dela diote musikariek.Autogestionatutako zenbait toki, elkarte, zigilu edo kolektibo nonahi aurki daitez...
bIDEhUTS gaua ospatuko dute bihar, Astran. Autogestioan oinarritutako musika zigilua da plataforma, eta ospakizuna elkarregaz ondo pasatzeko aukera dela diote musikariek.
Autogestionatutako zenbait toki, elkarte, zigilu edo kolektibo nonahi aurki daitezke. Gogor lan eginda bizirik irauten dutenak dira horiek. Hala, lortutakoa ospatzea beharrezkoa da, dela elkartzeko edo proiektuak ezagutarazteko. Zapatuan Astran autogestionatutako bi proiektuk bat egingo dute, bIDEhUTSek eta Astrak; kontzertuak 21:00etan hasiko dira.Autogestioagaz bultzatutako zigilu bat da bIDEhUTS. Hala ere, plataformako kideek beraiena «kolektiboa» dela diote: «Autogestioaren pentsaeragaz diskoak kaleratzeko musika ekoiztea da gure betebehar nagusia». Metak diskoetxearen ondorengoa da kolektiboa; izan ere, Metak osatzen zuten taldeetako batzuek sortu zuten bIDEhUTS. Bileren bitartez beraien gogoa zein zen zehaztu zuten, eta lanak «bultzatzeko, editatzeko eta ezagutzera emateko» plataforma bat sortzea erabaki zuten.
80ko hamarkadan oinez hasi zen bIDEhUTS. 2008. urtean, baina, bigarren generazio bat plataforman sartu zela zehaztu du Gaizka Insunza Audience taldeko abeslariak; tartean, Audience. Ordutik, kilometro luzeak egin ditu «kolektiboak», eta guztira 43 dira argitaratutako erreferentziak: «Hamar urtean 43 lan aurkeztea oso ondo dago, eta gaur gaurkoz, hamar taldek osatzen dugu kolektiboa».
Zapatuan, sei talde
Diskoak saltzea zaila dela argudiatuta, urtean baten gutxi gorabehera bIDEhUTS gaua antolatzen dutela azaldu du Insunzak. Iaz Donostian egin zuten gaua, eta aurten, berriz, Gernika-Lumon. «Iazko sarrerak arin agortu ziren eta Bizkaiko hainbat herritar sarrera barik geratu zirela badakigu. Gainera, Gernika-Lumotik jende asko animatu zen. Azkenengo urteetan herriaren eta bIDEhUTSen arteko lotura asko indartu da», aitortu du Insunzak.
Anari, Audience, Musergo, Nire Saco, Mmatarrak eta Inoren ero ni ariko dira oholtza gainean. Zapatukoak oso kotzertu «dinamikoak eta interesgarriak» izango direla jakinarazi du Audience taldeko abeslariak: «Sekretu guztiak ez ditut kontatu nahi, sei talde ariko gara, eta gero DJak».
Sekretuan mantendu gura dute antolatzaileek zapatukoa, baina Astrara hurbiltzen denak ez duela kontzertuen «ohiko» egitura aurkituko esan du Insunzak: «Hainbat kolaborazio eta talderen arteko nahasketa ikusiko da, inolako muga gabekoa».
bIDEhUTS gaua, baina, talde guztiak batzeko aitzakia ere badela dio Insunzak: «Batera egotea gustatzen zaigu, musika egitea maite dugu, eta kontzertuetako giroa ere gustuko dugu. Gainera, musika egiten dugun moduan, gure doinuak zabaldu gura ditugu. Eta plataforman sinisten dugun heinean, bIDEhUTS zigilua lau haizetara zabaldu gura dugu».
Bide erromantikoan kilometroak eginez bultzatu dute aurtengo jai gaua. «Era naturalean» eta taldeen arteko harreman onagaz antolatu dutela azaldu du Insunzak: «Gauzak ulertzeko modu bera dugu guztiok, musikarekiko ikuspegi erromantikoa dugulako».
Sarrerak
bIDEhUTSek oinez jarraitzeko, baina, beharrezkoak ditu diru sarrerak, eta jaiak antolatzeak finantziazio bideak zabaltzen dizkie. 500 sarrera banatu dituzte, eta Astra betetzea zaila izan arren, «eskaintza interesgarria» egin dutela dio Insunzak. Baita gernikarren erantzun ona espero duela ere.
Herriko musika eragile eta norbanakoengandik laguntza asko jaso duela gehitu du, eta norbanako horiei eta Astrari, Trinketeri eta Iparragirreri beraien laguntza eskertu die.