Muga estuen menpean eta moral itxi bati estuki lotuta egon arren, nahi zuena esateko, eta, neurri batean, egiteko moduak aurkitu zituen Bizenta Mogelek (1782-1854). Hori azaldu dute gaur [urriak 20] Europako Ondare Jardunaldien baitan Mogeli buruz egin diren saiotan. Udaletxean bildu dira herritarrak euskaraz idatzi eta bere izen-abizenez liburu bat sinatu zuen lehen emakumearen bizitza ezagutzeko.
Yolanda Arrieta etxebarritarrak gidaturik –urteak daramatza Mogeli buruzko tailerrak ematen eta Bizenta Txiki ipuina idatzi du–, Josune Muñoz Skolastikako kidea, Xabiel Altzibar Euskaltzain urgazle etxebarritarra eta Xabier Kaltzakorta irakasle eta euskaltzain markina-xemeindarra izan dira hizlariak. Idazlearen lanen eta haren ingurukoen testigantzen bitartez, Mogelengana gerturatzeko aukera eman die aretoan bildutakoie. “Mogelek lortu zuen printzipioz emakumezkoentzako ezinezkoa zena”, esan du Muñozek, “Oso buru argia zen, jakin zuen prestakuntza intelektuala lortzen; eta kontatu zuen zelan lortu zitekeen”.
Muñoz, Arrieta, Altzibar eta Kaltzakorta, gaurko hitzaldian.
Hizkuntzetarako gaitasun handiko emakumea zen, eta bere osaba Juan Antonio Mogelek euskara, gaztelania eta latina erakutsi zizkion; frantseserako ere izugarrizko gaitasuna zeukan, sasoiko gizonezkoak harritzerainokoa. Kaltzakortak azaldu duenez, Juan Antonio Mogelek idazle espainiar bati idatzitako gutunetatik ondorioztatu daiteke Bizentari irakatsi ziona baino gehiago irakatsi ahal izan ziola; alegia, Bizenta gizonezkoa izan balitz, beste alor batzuk lantzeko aukera eskainiko liokeela, fisika kasu.
Tarine musika eskolako neska-mutilek ere beraien alea jarri dute gaurko jardunaldietan; Mogelek idatzitako Gabon kanta bi abestu dituzte. Yolanda Arrietak esan duenez, ziurrenik koru batek Mogelen letrak abesten zituen lehen aldia izan da; egun seinalatua. Tarinekoek Bizenta Txiki liburua jaso dute opari.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.