Hamaikakoaren aurkezpena eginda, Euskaraldirako prest dago Mutriku
Goizeko Izarra antzerki taldeak girotuta aurkeztu dute Mutrikun Euskaraldiaren hamaikakoa. Izena emateko mahaiak bariku-zapatuetan ipiniko dituztela dioteMutrikuko Euskaraldia Batzordeak bariku iluntzean aurkeztu zuen hamaikakoa, Beheko Plazan. Goizeko...
Goizeko Izarra antzerki taldeak girotuta aurkeztu dute Mutrikun Euskaraldiaren hamaikakoa. Izena emateko mahaiak bariku-zapatuetan ipiniko dituztela diote
Mutrikuko Euskaraldia Batzordeak bariku iluntzean aurkeztu zuen hamaikakoa, Beheko Plazan. Goizeko Izarra antzerki taldeko kideek girotutako ekitaldia izan zen, eta horretan, 11 herritarrak oholtzara igo eta euskaraz aritzeko edota entzuteko konpromisoa agertu zuten jendaurrean.Ondokoak dira Mutrikuko hamaikakoa osatzen duten herritarrak: Alberto Gorritiberea, Asier Illarramendi, Elisa Martinez, Oihane Prieto, Iñaki Fernandez, Babacar Sene, Alina Ivan, Anbroxi Goenaga, Ramon Lopez, Clemen Santos eta Ivo Teran. «Ezagunak diren sei Ahobizi eta bost Belarriprest aukeratu ditugu», argitu dute.
Aurkezpena egiteaz gain, datozen asteetan, bariku zein zapatuetan, Euskaraldian izena emateko mahaiak ipiniko dituztela ere esan zuten batzordekideek. Barikuetan 19:00etatik 21:00etara egongo dira, eta zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara.
Momentuz, 130 herritar baino gehiago dira izena emanda daudenak, eta gainerako herritarrei ere animatzeko eta izena ematera hurreratzeko deia egin nahi izan diete Euskaraldia Batzordeko kideek.
Ondarroako panpinak
Ondarroan oraindik hamaikakoa aurkeztu ez badute ere, Ahobizi eta Belarriprest panpinak eginda daude. Eginkizun hori, hain zuzen ere, Artelan Kultur Elkarteko kideen esku egon da; udalak materiala ordaindu du, eta Artelanekoek euren esku abilekin egin dituzte datozen egunetan hara eta hona ibiliko diren eta dagoeneko hain ezagunak diren bi panpinak.