Mendia eta ondarea batuko ditu bigarren Mendi Asteburuak

Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, mendiagaz zerikusia daukaten ekintzak antolatzen dituzten Etxebarriko eta Markina-Xemeingo taldeak bat egin eta bigarren Mendi Asteburua prestatu dute. Artibai Mendigoizale Taldeak eta Sustraiak Naturak Ahaztuen Oroimena elkartea gehitu dute egitasmora aurten, eta horrela, mendiari eta naturari historia eta ondarea erantsi diote.

Mendi Asteburuko antolatzaileak: Julen Hernando (Sustraiak Natura), Marije Aransolo (Artibai Mendigoizale Taldea), Eneko Arrate (Herribixi), Aitor Bereziartua (Ahaztuen Oroimena).

Mendi Asteburuko antolatzaileak: Julen Hernando (Sustraiak Natura), Marije Aransolo (Artibai Mendigoizale Taldea), Eneko Arrate (Herribixi), Aitor Bereziartua (Ahaztuen Oroimena).

Xabier Amorrortu Petraren hitzaldiagaz hasiko da barikuan [urriak 26] Mendi Asteburua. Antsotegi hotelean emango du hitzaldia 18:00etan, abentura kirol zale elorriarrak. Amorrortuk slackline, highline eta zubi saltoak egiten ditu, besteak beste. “200 metroko amildegia duen Nerbioi ibaiko zubi batetik salto egin zuen ertz batetik bestera; hori egiten Euskal Herri mailako onena da”, azaldu du Sustraiak Naturako Julen Hernandok. Bere bizipenetan oinarrituta Oreka; sokaren gainean bizitako istorio bat kontatuko du Antsotegin.

Zapolako lubakietara ere irteera bat egongo da Mendi Asteburuaren baitan. Ahaztuen Oroimena elkarteko kideen laguntzagaz udaberri osoan berreskuratzen aritu diren Zapolako lubakiak ikusi eta bertako pasarteak ezagutzeko aukera egongo da zapatu goizean [urriak 27]. Boluko iturrian elkartu eta justu herri lurretan dauden lubakietara abiatuko dira parte hartzaileak, azalpenak bertatik bertara entzuteko. “Ekainaren amaieran auzolan deialdia egin eta hogei bat lagunen artean garbitu ziren lubakiak; orain, jende askok ezagutzen ez duen inguru horren inaugurazioa egingo litzateke”, azaldu du Eneko Arratek. Larruz baserriaren bueltan edur-zulo bat ere badagoela gaineratu dute. 09:00etan jarri dute abiatzeko ordua; autoz doazenekin, berriz, Larruzen, 10:00etan.

Zapolako bunkerra. Argazkia: Ahaztuen Oroimena

Zapolako bunkerra. Argazkia: Ahaztuen Oroimena

Mendi Astearen antolatzaileek zehaztu dutenez, Zapola mendiaren aurreko partean ere badago lubaki bat. Ikazkin lanetan aritutako herritar batek adierazi zien horrela, eta hainbat urtez desagertuta egon den lubakia aurkitu dute “basurdeen modura sasi artean ibilita” Ahaztuen Oroimena elkartekoak. “Lubaki horiek bigarren lerrokoak dira. 36ko gerran Akarregin egon zen inguru honetako lehenengo lerroa, eta badaezpada bigarren lerroa egin zuten. Bigarren lerro hori sekula ez zen erabili, Gernika bonbardatu zutenean ihes egin zuten guztiek, hori dela eta, oso ondo mantendu da”. Babesleku bat ere badagoela esan dute parte horretan. “Laster bisitatzeko leku oso polit eta interesgarria geratuko da hor”.

Orientazio Ibilaldia. Domeka goizean [urriak 28] hainbat urtez Artibai Mendigoizale Taldeak antolatu duen Orientazio Ibilbidea egingo da, batez ere ume, gazte eta gurasoei zuzenduta. Mapa bat eta pista batzuk eman eta herri inguruan kokatutako puntu jakin batzuetan, pistak aurkitu eta probak bete beharko dituzte parte hartzaileek. Aurreratu dutenez, aurten Markina-Xemeingo ermita batzuetatik igaro beharko dira ibilaldia osatu ahal izateko. 10:00etan hasiko da ekimena, Arkupe aurrean.

Xabier Amorrortu highline egiten.

Xabier Amorrortu highline egiten.

Markina-Xemein beti oso mendizalea izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, baina zaletasun hori gazte eta gaztetxoen artean galtzen ari dela ikusi dute. Hori dela eta, Mendi Asteburua izaera mendizale horri bultzada berria emateko era bat ere badela gaineratu dute. Gazteei edo abentura kirolzaleei begira, hortaz, mundu mailan erreferente den Mendi Tour, Bilbo Mendi Film Festibaleko pelikula aipagarrienen proiekzioa antolatu dute aurten ere.

Horrela, abendu hasieran Bizkaiko hiriburuak ospatzen duen jaialdira aurkeztu diren mendia, abentura eta natura gaien inguruko bost film ikusi ahalko dira domekan [urriak 28], 18:30ean, herriko kultur aretoan. Sarrerak 5 euro balioko ditu, eta egunean bertan erosi ahalko dira, 17:30etatik aurrera. “Iaz alpinismoari eman bazioten indar gehiago, aurten eskalada nabarmendu dute eta filmetako bi –Mama eta Safety Third– eskaladari lotutakoak izango dira”. Mendi lasterketa, bizikleta jaitsiera eta abentura eta mendia gaiak dira nagusi beste hiruretan.

Mendi Tour, Bilbo Mendi Film Festibaleko FILMAK:

  • Where the Wild Things Play. 2017, Australia, 4 minutu. Zuzendaria: Krystle Wright. Ostiral gaua pub batean eta… Non daude neskak? Erantzuna: base jauzia egiten basamortuko labar altuetan, slackline egiten, granitozko bideak eskalatzen, eskiatzen, edo txundituta utziko zaituzteten beste edozein jarduera egiten.
  • Aurrera. 2017, Espainia, 7 minutu. Zuzendaria: Mikel Peña. Irenek 68 urte ditu eta 40 baino gehiago daramatza lasterka egiten. Mendiko lasterketak oraindik ezezagunak zirenean hasi zen bera mendian barrena korrika eta hamaika probatan hartu du parte. Irenek, adinean aurrera joan arren, indarrik duen artean ez dio mendian korrika egiteari utziko.
  • Mama. 2017, Polonia, 44 minutu. Zuzendaria: Wojtek Kozakiewicz. Kirol eskalatzaile bat, bi haurren ama, 20 urtez bizi izan da bere pasioari bide emanez, eta orain, helburu berri bati ekitekotan da: aurrez emakume bakar batek eskalatu ezin izan duen bide bat eskalatzea da bere ametsa. Kinga Ociepka-Grzegulska da bera, Poloniako kirol eskaladan azken bi hamarkadetan izan den eskalatzailerik garrantzitsuenetakoa..
  • Song for the Nomad. 2017, AEB, 6 minutu. Zuzendaria: Ben Sturgulewski. Kirgizistango hiriburua den Biskek irudi eta soinuen zurrunbilo modernoa da. Baina hiriaren bihotzean dagoen kontzertu areto batean, piano bakarti baten teklek kaosetik TianShango mendi betierekoetara eramango gaituzte. Istorio honek bi mundu lotzen ditu zeinek bi munduek nomadaren doinua jotzen duten, jada iragan den denbora baten oroimenezko requiema.
  • Safety Third. 2016, AEB, 28 minutu. Zuzendariak: Cedar Wright eta Taylor Keating. Brad Gobright 27 urteko gaztea zerbitzari laguntzailea da jatetxe batean. Donutsak, jatetxeko janari kondarrak, croissantak, sagar-tarta eta topatzen duen zabor-janari guztia, horixe da, funtsean, bere dieta. Baina bada besterik: era askean diharduten eskalatzaile libre ausart eta onenetakoa da Gobright. Nahiz eta inork gutxik entzun duen hari buruz. Buruan eskalatzea besterik ez duen gazte honen erretratua da Safety Third.
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend