Ikuskizuna ekarri du Karraspiora Billabong Euskalsurf Gazte Zirkuituak
Maila handia erakutsi dute 14 eta 18 urtez azpiko kategorietako neska-mutilek. Carmen Garai eta Sara Urresti nagusitu dira nesketan, eta Jacobo Trigo eta Axel Lopetegi mutiletanErakustaldia eman dute Karraspion Billabong Euskalsurf Gazte Zirkuituko sur...
Maila handia erakutsi dute 14 eta 18 urtez azpiko kategorietako neska-mutilek. Carmen Garai eta Sara Urresti nagusitu dira nesketan, eta Jacobo Trigo eta Axel Lopetegi mutiletan
Erakustaldia eman dute Karraspion Billabong Euskalsurf Gazte Zirkuituko surflariek. Itsasoa tarteka nahikoa nahasita eduki baldin badute ere, aukerak aprobetxatzen jakin eta maila handia erakutsi dute 14 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko kategorietako neska-mutilek.Barinatxe eta Zurriolako probetan lehen hamaseiren artean sailkatu ziren surflariek parte hartu ahal izan dute zapatuan eta domekan Artzabal Surf Elkarteak antolatuta Karraspion lehiatu den Euskal Herriko Surf Federazioaren (EHSF) zirkuituko hirugarren norgehiagokan.
Zapatuan jokatu ziren nesken kategoria bietako kanporaketak, eta itsasoaren baldintza onak aprobetxatuta, 14 urtez azpiko mutilen manga pare bat gehiago ere egin ziren zapatu arratsaldean. Carmen Garai (14 urtez azpikoetan) eta Sara Urresti (18 urtez azpikoetan) izan ziren irabazleak.
Domekan surf egiteko baldintza gogorragoak eduki zituzten mutilek: olatu handiagoak eta haize gehiago. Hala ere, maila ikaragarria erakutsi zuten, Euskal Herriko onenak direla erakutsiz.
18 urtez azpikoen mailako finala, gainera, zirraraz betetakoa izan zen. Azken olatuan lortu zuen garaipena Axel Lopetegik. Yago Dominguez aurretik joan zen puntuaketan final osoan, eta hura gainditzeko nota altu bat behar zuen Lopetegik, 8,05etik gorakoa, hain zuzen. Azken minutuan olatu on bat hartu eta 360 graduko aereo bat egitea lortu zuen, lehiaketari buelta emanez.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, tarteka nahikoa jende hurreratu zen Karraspiora txapelketa jarraitzeko. Mutiletan irabazleak Jacobo Trigo (14 urtez azpikoetan) eta Axel Lopetegi (18 urtez azpikoetan) izan ziren. Sari banaketa Kai Alden egin zuten.