Oihana Bartrak irabazi du Berriatuko kanporaketa

Atzo [azaroak 4] jokatu zen Berriatuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bosgarren eta azken kanporaketa, eta erabakita geratu ziren zeintzuk izango diren finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolariak. Ariketa guztiak egin ostean, Oihana Bartrak lortu zituen puntu gehien, 469 guztira. Beraz, Igorreko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 25ean. Lea-Artibaiko bertsolari bi ere egongo dira finalaurrekoetan: Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra.

Berriatuko kanporaketa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Berriatuko kanporaketa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Berriatuako frontoia bertsozalez bete zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketak, 400 lagunetik gora elkartu ziren bertan. Azken kanporaketako sei bertsolarien artean bi ziren Lea-Artibaikoak: Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra eta Lander Ibarluzea Bikandi Aitxulua etxebarritarra. Hori dela eta, biei aupada ematera hurreratu ziren bertsozale eta lagun asko.

Bertokoekin batera igo ziren Berriatuko oholtzara Asier Alcedo Cano (Portugalete), Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo), Itxaso Paia Ruiz (Algorta) eta Oihana Bartra Arenas (Bilbo).

Horrela geratu ziren atzo puntuazioak:

  • Oihana Bartra Arenas, 469 puntu.
  • Josune Aramendi Perez, 446,5 puntu.
  • Ibai Amillategi Omaetxebarria, 446 puntu.
  • Itxaso Paia Ruiz, 411,5 puntu.
  • Lander Ibarluzea Bikandi, 404,5 puntu.
  • Asier Alcedo Cano, 399 puntu.

Idoia Anzorandia Kareagak egin zituen gai-jartzaile lanak, eta epaimahaia Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Ander Txakartegi Basterretxeak, Jon Jaio Aiartzaguenak, Jurgi Fuentes Goikoetxeak, Leire Etxebarria Gazteluk eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu zuten. Idazkaria, berriz, Itziar Basterretxea Olarreaga izan zen.

Finalaurrekoak. Azaroaren 18an hasiko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketak. Berrizko pilotalekuak hartuko du lehen saio hori, 17:00etan, eta lehen kanporaketa horretan kantatuko du Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak. Bigarrenean egongo da, ostera, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra. Bigarren kanporaketa azaroaren 25ean izango da Igorreko kiroldegian, 17:00etan. Eta amaitzeko, Lekeitiora etorriko dira bertsolariak azken finalaurrekorako. Abenduaren 1ean kantatuko dute Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian, 17:00etan.

Txapelketako saioetara joan nahi dutenek bi bide edukiko dituzte txartelak eskuratzeko. Alde batetik, Bertsosarrerak webgunean erosi daitezke, eta bestetik, saioko egunean bertan txarteldegian ere egongo dira. Txarteldegiak 16:00etan zabalduko direla aurreratu dute antolatzaileek.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend