Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko langileek mobilizazioak egin dituzte Lea-Artibain

Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko langileek mobilizazioak egiten jarraitzen dute. Aurreko astean Bermeon batu ostean, gaur [azaroak 6] Lea-Artibaiko kontserba enpresen aurrean batu dira, lan baldintza hobeak, soldata duinak eta hitzarmena eguneratzeko eskatzeko. Eguenean [azaroak 8] patronalagaz bilduko direla jakitera eman dute.

Markina-Xemeinen hasi dituzte mobilizazioak, eta Berriatutik igaro ostean, Ondarroan amaitu dituzte protestak, “kontserba enpresek irabaziak denenak” direla gogoraraziz eta jendeari zer egoeratan dauden jakitera emanez. Izan ere, enpresak aberasten ari diren bitartean, langileek ez dutela inolako hobekuntzarik igartzen diote.

Pili Urizar eta Aintzane Larrabaster CCOOko eta LABeko ordezkariek HITZAri adierazitakoaren arabera, kontserba sektoreko hitzarmena berritu beharra dago. Urtarrilaz geroztik patronalagaz hamazazpi bat bilera egin dituzte, baina ez dute ezer lortu. “Aurreko hitzarmena sinatzeko (2016ko ekainean) zortzi urte behar izan genituen, eta orduan bakarrik, eskubiderik ez galtzea lortu genuen. Baina bestelakoan, ez dugu askorik aurreratu”.

Kontserba sektoreko langileek Ondarroan egin duten protesta

Kontserba sektoreko langileek Ondarroan egin duten protesta

Hitzarmenari dagokionez, beste pauso bat emateko garaia dela diote, baina euren iritziz, patronalak geldirik jarraitzen du. “Eguenean egingo dugu patronalagaz hurrengo bilera, eta gure soldatak eta egoera hobetzeko ezer ez badugu lortzen, protestan jarraitzeko asmoa dugu”.

Soldatak igotzeko eskaera egiteaz gain, behin-behineko kontratazioaren gaia ere aterako dute mahaira bileran, “ez delako batere onargarria”. Euren iritziz, egoera aldatu beharra dago. “Gazteei bidea zabaldu eta erraztu nahi diegu”. Eguenean ezer ez badute lortzen, Bizkaiko Enpresarien Konfederaziora joko dute hilaren 13an.

ELA sindikatuak agertu duenez, egoerari aurre egiteko berebizikoa da CCOO, LAB eta UGTrekin batera plataforma bateratua berriro osatzea

ELAk, bere aldetik, patronalak ezarri duen blokeo egoera soilik mobilizazioen bitartez apurtu daitekeela dio, “batez ere, greba egun osoen bitartez”.

Agertu dutenez, CCOO, LAB eta UGT ordura arte zeramaten plataforma bateratutik irten zuten uda ostean. Baina euren iritziz, egoerari aurre egiteko plataforma bateratua beharrezkoa da. “Gure eskua luzatzen jarraitzen dugu beste sindikatuei. Etor daitezela plataforma bateratura eta modu eraginkorrean defendatuko ditugu gure eskubideak”.

Nabarmendu dutenez, borrokan jarraituko dute hitzarmen duin baten alde; soldata igoera garrantzitsuak, aplikazio bermeak, lanordu murrizketa, baina ordainduetan hobekuntzak, lan erreformaren aurrean blindatzeak eta sektorean nagusitzen den prekarietatea ezabatzeko lanean jarraituko dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend