Katu Baltzek etengabeko jai giroz jantziko ditu Lekeitioko kaleak

Herriko taldeez gain, tabernarien laguntza eduki du Katu Baltz taldeak aurtengo jaia antolatzeko. Eskolapean hasiko da jaia pregoiagaz, eta Uztai Taldearen doinuekin emango diote amaiera

Goizetik hasita gauera arte, erabateko festa giroa eragiteko asmoz dator aurten Katu Baltz jaia. Eta horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute zapaturako Katu Baltz taldeko kideek, herriko Aittitta Txiki eta Zaletxuak kultur elkarteen laguntzagaz. Oraingoan, baina, tabernarien elkartearen lankidetza ere eduki dute, eta horrela, eguneko parranda goizaldera arte luzatu ahalko du nahi duen orok.

Urtero modura, pregoia irakurri eta bolanderak botata zabalduko dute eguna, Eskolapean. Partaideen arteko hamaiketakoa egingo dute ondoren, eta jaian murgiltzen joateko aurpegia margotzeko aukera ere egongo da, Panpox kultur elkartearen eskutik.

Itxaropena txistulari taldekoak 12:00etan irtengo dira herriko kaleak alaitzera, eta kalejiran joango dira antolatzaile eta herritarrak ere, Lekitto Musika Banda eta ipotxekin batera, Erakusleiho Onenaren Saria ematera.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bihar arte edukiko dute herriko dendariek erakusleihoak apaintzeko aukera. «Hortik aurrera hiru kuadrilla igaroko dira denda guztietatik, apainketa ikusi eta aurtengo saritua zein izango den erabakitzeko». Betiko moduan, Maria Talako Eskulan Tailerrekoak izango dira saria banatzeko ardura edukiko dutenak. Tailerrekoek prestatzen dute oroigarriagaz gainera, opari bat ere edukiko du irabazleak Katu Baltz taldekoen eskutik: asteburu bat igarotzeko opariboxa.

Trikitilari eta joaldunen doinuekin alaituko da eguerdia, eta Lekeitioko Elikagai Bankuari laguntzeko bigarren eskuko gauzen azoka bat ere jarriko dute goiz osoan, Eskolapean.

Ikuskizunak

Katu Baltzeko ekimenak umeei zuzenduta egongo dira arratsaldean. Horrela, Patata Tropikala Antzerki Laborategiak, aurten ere, izugarrizko abenturan murgilduko ditu txiki eta handiak Denboraren Taupadak antzezpenagaz. Txotxongiloak, antzerkia, umorea eta irudimena dantzan jarriko dituzte Ikusgarri zineman, 17:00etan.

Antzerkia amaitutakoan, Aittitta Makurraren txarangaren atzetik kalejiran abiatuko dira ume eta nagusiak plazara, eta 18:30etik aurrera, txokolate beroa edukiko dute Kontzijopean, Gaztegunekoen eskutik

Etorkizuna dantza taldearen emanaldiak 19:00etan emango dio amaiera arratsaldeari, eta suzko zezenaren ondoren, Uribe Kostako Uztai Taldearen kalejirak emango dio luzapena jaiari.

Herriko dendei ez ezik, ostalariei ere jaiagaz bat egin eta tabernak apaintzea eskatu diete Katu Baltz taldekoek. Eta herritar guztiak ere mozorrotzera animatu dituzte. «Euskal mitologiako pertsonaia, katu edo baserritar ere joan daiteke».
Ez dago iruzkinik

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend