Euskara elkarlanean zabalduz

11barri diseinu eta komunikazio zerbitzuen enpresak HITZA egitasmoa bultzatzeko zeregina dauka hasieratik; lortutako etekin guztiak egunkariari laguntzeko dira.

Orain dela hamabost urte sortutako HITZA egunkariaren itzalean etengabe atzetik laguntzen aritu izan den diseinu eta komunikazio enpresa da 11barri. HITZA euskaraz bizi eta hizkuntza zabaltzen laguntzeko tresna bada, 11barri tresna horri laguntza eskaintzeko erreminta da.

Biak batera sortutako proiektuak dira. «HITZAgaz batera sortutako egitura da 11barri, diseinuko eta komunikazio arloko lanak eskaintzen joan dena», nabarmendu du Lore Bengoetxea 11barriko kideak. Bengoetxeak kazetari eta komertzial lanak jorratzen dituen bitartean, Nekane Akarregik eta Eli Azpiazuk diseinatzaile lanak egiten dituzte, modu horretara lan taldea osatuta.

Egunkariari bultzada emanda, euskarazko komunikazioa sustatzea da 11barriren helburu nagusia. Hori lortzeko, komunikazio zerbitzu zabala eskaintzen dute edozein motatako euskarrien bidez. Batetik, kazetaritzagaz harreman zuzena duten lanekin aritzen dira: testugintza, adibidez. Hala eta ere, ez dira horretara mugatzen: sormen eta diseinu grafikoa, itzulpenak, txartelak, eskuorriak, musika taldeen diskoen irudigintza edota liburuxkak lantzen dituzte, gauza askoren artean. Izan ere, urteak pasa ahala, lan eskaintza handituz eta aldatuz joan dela nabaritu dute taldekideek, eta bezeroei premia berriak agertu ahala, premia haiei erantzuten joan dira.

Mugarik gabe

Hedapen horregaz batera, mundu digitalean ere murgildu izan dira 11barriko kideak, bideoak sortu eta editatuz. Azken batean, komunikazioaren arloko edozein arlotara moldatzen dira, eta ate guztiak irekita dituztela nabarmentzen dute, «ezertara mugatu barik».

Bezeroek produktua ezagutzera eman nahi dute, eta haien nahia asetu arte gogor egiten dute lan, aukera onenaren eta erakargarrienaren bila. Eta bezeroen artean, denetatik. «Badaude norbanakoak, baina batez ere udalek, ikastetxeek eta mota guztietako enpresa edota elkarteek bilatzen dute 11barriren eskaintza», adierazi dute. Azaldu dutenez, bezeroak ere aldatzen joan dira hamabost urte hauetan, 11barriren helburuak beti berbera izaten jarraitu duen arren. Beraiekin lan egiten duten bezeroei argi esaten diete 11barrigaz beharra eginez aldi berean HITZAri laguntza eskaintzen diotela. Bezero finkoek hori jakin badakiten arren, askok ez dakite modu horretara euskarazko egunkariari laguntzen ari direla.

Euskara zaintzeko ardura

Bi proiektuetako langileek espazio bera partekatzen dute, eta, hortaz, taldeen arteko harremana estua da. Helburu berbera edukita, harreman hori mantentzea erraza dela adierazi dute. Horren harira, euskaraz komunikatzeko konpromiso irmoa daukate bai HITZAk eta bai 11barrik, euskara zaintzeko arduragaz eta gogoagaz.
Ez dago iruzkinik

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend