«Herrien arteko harremana sendotzeko tresna dela deritzot»

Harpideduna eta eragilea da Estibaliz Mendizabal aulestiarra. Herriko emakumeen elkarteko kidea da, eta Aulestiko zein inguruko herrietako ekintzen berri izatea gustuko du. Euskarazko hedabideak bultzatu behar direla pentsatzen du.

1-HITZaren eragile/harpidedun zara. Zer eskaintzen dizu eskualdeko egunkariak?

Norberaren eta inguruko herrietako albisteak bertatik bertara eta euskaraz irakurtzera bultzatzen ditu lagun asko eta asko. Era berean, eskualdeko herrien arteko harremanak sendotzeko tresna ere izan daitekeela deritzot. Bestalde, HITZA sortu zenetik gaur egunera arte, herri txikietako berriak nabarmen gutxitu dira, eta hori zaindu beharko litzateke. Seguruena, erakunde guztietatik ekarpen handiagoa egingo balitz, egoera hori hobetuko litzateke.

2- HITZA sortu aurretik zure herriko albisteek ze leku zeukaten komunikabideetan?

HITZA sortu arte gure herria eta inguruko herri txikiak komunikabideetan ez zirela agertzen esango nuke, eta, agertzekotan, oso lantzean behin. HITZAk ekarpen handia egin du zentzu horretan.

3-Paperean sortu eta denbora gutxira, Interneten ere eskura egon zen HITZA. Bien irakurlea zara?

Biak irakurtzen ditut, batez ere, paperekoa, harpideduna naizelako eta HITZA egunero etxean jasotzen dudalako. Webgunean ere sartzen naiz lantzean behin, gai konkretu bati buruzko uneko informazioa jaso nahi dudanean. Webguneak abantaila hori dauka, momentuan jakin daitekeela norberaren intereseko gai bati buruzko informazioa zein den. Biak gustatzen zaizkit, baina, lehen esan bezala, paperekoan herri txikietako albisteak gehitu beharko liratekeela uste dut. Nagusiek papereko bertsioa irakurtzen dute, eta haiei asko gustatzen zaie herriko eta inguruko albisteak irakurtzea.

4-Ze albiste dituzu gustukoenak? Eta batere gustatzen ez zaizkizunak?

Iritzi artikuluak ditut gogokoen. Albistei erreparatuz, kultura arlokoak gustatzen zaizkit gehien, eta jakina, gogoko dut herrian bertan eta ingurukoetan egin diren eta egingo diren ekintzen berri izatea. Agendari beti egiten diot errepasoa. Gizarte gaiak ere gustatzen zaizkit, askorik agertu ez arren. Emakumeon presentzia geroago eta handiagoa dela ikustea ere gustatzen zait. Emakume batek sexu indarkeria jasan duela irakurtzea ez zait bat ere gustatzen, eta, are gutxiago, eraila izan dela jakitea. Ez eta LGTBI+ kolektibotako edonoren diskriminazioaren berri edukitzea ere. Berria ematea beharrezkoa da, jakina, baina edukia bera gorrotagarria da. Hala ere, gustatzen zait ikustea jendarteak gero eta erantzun irmoagoa ematen diela horrelakoei. HITZAri esker, herri guztietan erantzun sendoa dagoela irakur daiteke.

5-Eta zer irakurri nahiko zenuke noizbait HITZAn?

Emakume elkarteko kidea naizen aldetik, aurreko galderan adierazitako hori behingoz amaitu dela irakurri nahiko nuke; sexua dela eta diskriminaziorik gabeko jendartean bizi garela, alegia. Eta hortik haratago, diskriminazio mota guztiak amaitu direla.

6-Tokian tokiko euskarazko komunikabideak egotea premiazkoa deritzozu? Zergatik babestu behar dira?

Duda barik, uste dut tokian tokiko komunikabideak premiazkoak direla eta babestu egin behar direla, alde batetik, euskararentzat ekarpen handia direlako, eta bestetik, sarritan tokian tokiko berriak ezagutzeko modu bakarra direlako. Gehienoi gure inguruan gertatzen denaren berri izatea gustatzen zaigu. HITZAk eskualdeko lagun askok egunero euskaraz irakurtzea ziurtatzen du, erraz irakurri ere. Hala, euskarazko irakurleak gehitzea bultza dezake egunkariak. Horregatik, erakundeek horrelako komunikabideak gehiago babestu beharko lituzketela uste dut, eta ondorioz, gehiago inbertitu beharko luketela tokian tokiko euskarazko hedabideetan.
Ez dago iruzkinik

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend