HITZAk wegbune berria estreinatuko du aurten, abantaila askorekin

Atari digital berriak harpidedun eta proiektuaren babesleei zuzendutako atal berezia edukiko du. Harpidedunei eta babesleei zuzendutako eduki esklusiboak ere sortuko dira

Eskualdeko informazioa plataforma ezberdinetan zabaltze aldera, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAk sorreratik egin du digitalizazioaren alde. Hala, hasiera baten edukiak Interneten eskuragarri jartzeko aukera eskaintzetik webgune berriak eraiki eta horietan askotariko aukerak eskaintzera jauzi egin zuen egunkariak. Orain, 2015ean estreinatutako webguneak goitik behera berritu eta eskaintzak gehituko ditu HITZAk.

Alde batetik, harpidedun edo babesle (HITZAkide) ez direnek ikusi ahalko dituzten albisteez gain, unean uneko aurrerapenak ikusteko aukera egongo da; eduki esklusiboak izango dira. Horiek, baina, soilik harpidedun eta HITZAkide direnek ikusi ahalko dituzte; harpidedunek eta HITZAkideek eduki gehiago edukiko dituzte. Hala nola, elkarrizketa eta erreportaje bereziak, eta argazki galeria multzoak kontsultatzeko aukera edukiko dute, besteak beste.

Beste alde batetik, webgunea nahieran antolatzeko aukera edukiko dute. Horri esker, erabiltzaile bakoitzak interesatzen zaizkion gaiei buruzko albisteak lehen lerroan kokatu ahal izango ditu, gainerakoak beherago kokatuz.

Eta nola ez, orain arte modura, zozketetan parte hartzeko aukera ere edukiko dute, gaur egun baino modu errazagoan.

Horrez guztiaz gain, ondoko eginkizunak ere egin ahalko dituzte: egunkarien hemeroteka ikusi eta kontsultatu, denda (HITZAren produktuak) ikusi eta eskaerak egin, unean uneko eskaintzez baliatu eta HITZAren sarean dauden establezimendu- etan beherapenez baliatu.

Abantaila horiek webgunearen sarreran edo HITZAkide izena edukiko duen atalean egongo dira. Atal berezi horrek, gainera, proiektuaren inguruko datuak ere eskainiko ditu: hedapen maila edota harpidedun eta babesle kopurua.

Iragarleentzako aukerak

Erabiltzaileei abantailak eskaintzeaz gain, webgune berriak iragarleei ere askotariko aukerak eskainiko dizkie. Adibidez, unean uneko eskaintzei edo iragarkiei zabalkunde handiagoa emateko, iragarkiak albisteen barruan edota albisteen tartean txertatzeko aukera edukiko dute, orain arte ez modura. Horrez gain, eredu eta tamaina ezberdineko iragarkiak txertatzeko aukera ere egongo da.

Publierreportajeen eskaintza ere zabalagoa izango da. Izan ere, orain arte soilik paperean agertzen ziren iragarkiak Interneten ere ikusgai egongo dira, bezeroak hala nahi izanez gero. Publierreportajeak, hain zuzen ere, gainerako albiste jarioan txertatuko dira, modu ikusgarriago batean. Eta horiei sare sozialetan ere zabalkudea emango zaie, modu horretan hedapen esparrua handituz.

Gailu guztietarako

Webguneak kontsultatzen dituzten erabiltzaile gehienak mugikorretik sartzen direla jakinda, webgune berriak mugikorretara egokituko ditugu erabat. Beraz, orain arte atal guztiak ordenagailu bidez kontsultatu ahal baziren ere, aurrerantzean atal guztiak egongo dira eskuragai, bai ordenagailuetan eta baita ere mugikor eta tabletetan.
Ez dago iruzkinik

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend