Frontoiko eta kultur aretoko igogailua eraikitzen hasiko dira
Uni frontoiko eta kultur aretoko iriste erraztasuna hobetu asmoz, igogailu bat jarriko du Markina-Xemeingo Udalak. Azaroaren amaieran hasiko dituzte lanak, eta hiruzpalau hilabeteko obra izango dela zehaztu dute. «Martxoan edo apirilean amaitzea esper...
Igogailua Uni frontoiak orain txartel leihatila daukan lekuan kokatuko dutela azaldu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak, eta geldiune bi edukiko ditu. Alkateak azaldu duenez, frontoia eta kultur aretoa ez daude parean, eta, beraz, frontoian egongo da geldiune bat eta kultur aretoan bestea. «Ate bi ere izango ditu igogailuak batera edo bestera joateko».
Igogailua eraiki ahal izateko, EPAk erabiltzen duen lokala ere hartu behar izan du udalak, eta pilotaleku nagusiko txartel leihatila ere lekuz aldatu beharko dute.
Ulahi-Orona enpresari esleitutako lanen kostua 96.683,78 eurokoa da, baina Eusko Jaurlaritzak igogailua jartzeko 25.812,50 euroko diru laguntza eman dio udalari. Beraz, lanok gauzatzeko udalak 70.871,28 euro ipiniko ditu. Proiektua udalak duen diruzaintzako gerakinetik ordaintzea aurreikusi zuten.
Hobekuntza gehiago
Igogailua jartzeagaz gainera, frontoi nagusia eta frontoi txikia egokitzeko beste lan batzuk ere egin ditu udalak. Abuztuan margotu dituzte frontoi bietako hormak, eta frontoi nagusia berotzeko berogailu sistema hobetu dute, hodiak aterata. «Hodiak kanpotik ipini behar izan dira, baina eraikina hobeto eta arinago berotzen da», azaldu du alkateak.
Berogailuagaz zegoen arazoa konponduta, aireztapen sistema ere hobetzeko asmoa daukate. Horretarako leihoak jarri nahi dituzte pilotaleku nagusiko estalkian. Gainera, jantzigelak ere egokitu nahi dituzte emakumezkoentzat. «Zorionez gero eta neska gehiago dabil pilotan, eta eurek erabiltzeko aldagelak prestatu nahi ditugu».