Aittitta Txiki elkartea Lekeitioko argazki zaharrak batzen ari da
Herritarrek hilaren 27ra arte aurkeztu ahal dituzte argazki zaharrak, kultur etxean. Elkarteak urrian egindako Perretxiko Jardunaldiaren balorazio positiboa egin duLekeitioko Aittitta Txiki elkarteak herriko argazki zaharren erakusketa egingo du abendu...
Herritarrek hilaren 27ra arte aurkeztu ahal dituzte argazki zaharrak, kultur etxean. Elkarteak urrian egindako Perretxiko Jardunaldiaren balorazio positiboa egin du
Lekeitioko Aittitta Txiki elkarteak herriko argazki zaharren erakusketa egingo du abenduan. Aurretik, baina, erakusketan erakutsiko dituzten argazkiak jasotzen ari dira. Beraz, herritarrei herriko argazki zaharrak uzteko eskaera egin diete.Hilaren 27ra arte aurkeztu ahal dira argazki zaharrak, kultur etxean. «Argazkiak aurkezterakoan argazkia uzten duenaren izena eta telefono zenbakia eta argazkia zein urtetakoa den zehaztu beharko da», esan dute elkarteko kideek.
Erakusketa abenduaren 1etik 8ra egingo da, Barandiaran aretoan; 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai.
Herritarrak argazki zaharrak uztera animatu ditu elkarteak. «Uzten dituztenean guk segituan eskaneatuko ditugu, eta berriro bueltan emango dizkiegu».
Pozik lekualdaketagaz
Beste alde batetik, urrian egindako Perretxiko Jardunaldiaren balorazioa ere egin du elkarteak. «Dena ondo joan da. Aurten, gainera, erakusketa Uribarren Abaroan egin dugu, eta oso esperientzia ona izan da». Egoitzakoentzat ere aberasgarria izan da erakusketa bertan egin izana. «Egunerokotasunetik atera ahal izan dira. Beraz, aurtengoa ondo joan dela ikusita, datozen urteetan ere erakusketa bertan egitea erabaki dugu».
Uribarren Abaroako ordezkariek ere positiboki baloratu dute Aittitta Txikikoen egitasmoa. «Bikain atera zen dena. Nahikoa jende egon zen erakusketa ikusten, eta egoiliarrak ere gustura geratu ziren. Senide batzuek ere ikusi zuten, eta egoitzako arduradunoi esan ziguten ekintza polita izan zela».
Perretxikoen bilketa ere ondo joan zela esan dute Aittitta Txikikoek. «Hori bai, datozen urteetan nahiko genuke perretxikoak ekartzerakoan herritar gehiagok parte hartzea».
Perretxikoen ekintza egiteko udalaren diru laguntzarik ez dutela jasotzen esan dute. «Gustatuko litzaiguke jasotzea. Eta ez guregatik. Gu boluntarioak gara, baina herrira etortzen diren mikologoei-eta zer edo zer eman behar zaie, edo gutxienez bazkari batera gonbidatu».